Bizkaiko EAko koordinatzaileak azpiegitura-proiektu garrantzitsu batzuk atzeratzea eta gelditzea leporatu die EAJri eta PSEri

Bizkaiko Eusko Alkartasunako koordinatzaile eta Batzar Nagusietako bozeramaile Joseba Gezuragak EAJren eta PSEren arteko ika-mikak gaitzetsi ditu eta aipatu bi alderdiri krisialdia gainditzeko lana oztopatzea leporatu die. Bere esanetan, “EAJren eta PSEren arteko tirabira alderdikoiak azpiegitura-proiektu garrantzitsu batzuk atzeratzen eta gelditzen ari dira Bizkaian eta, horrela jarraituz gero, krisialdi ekonomikotik ateratzea ezinezko egingo dute”.

EAko buruzagiak salatu duenez, “Bizkaiko gizartea ahoa bete hortz dago, herrialdeko garapenerako oinarrizkoak diren hainbat proiektu atzeratu edo bertan behera utzi dituztela ikusirik, esaterako, metroaren lineak Basaurira eta Galdakaora iristeko, EHUk Leioan duen Campusera joateko tranbia, AHTk Bilbon izango duen geltokia…”.

“Proiektu hauek guztiak atzeratzeko edo bertan behera uzteko arrazoien jatorria EAJren eta PSEren arteko tirabira alderdikoietan dago, eta horren biktimak bizkaitarrak eta Bizkaiko garapen ekonomikoa dira”, nabarmendu du Gezuragak. Hori dela eta, EAk “alderdikeria alde batera utz dadila eta erakunde guztiek zentzutasunez lan egin dezatela” eskatu du bizkaitarren ongizatearen alde egiteko.

Jatorria: Eusko Alkartasuna