Gernikako Akordioa sinatu zuten eragile politiko, sozial eta sindikalek agerraldia egin dute gaur arratsaldean goizeko atxiloketak gaitzesteko.

Gazte Abertzaleak-eko Asier Gomez eta Euskal Herriak bere Eskolako Ainhoa Larrabek irakurri dute, gaztelera eta euskaraz, Gernikako Akordioaren sinatzaileen dokumentua. Testuan bi abokatu eta gazte independentisten atxiloketak salatu eta politikari oztoporik ez jartzeko eskatu dute.

Honakoa da Bilbon egin den agerraldian irakurri den testua:

Gernikako Akordioan bildutako alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek atzo gauean sei gazte eta bi abokaturen aurkako polizia operazioa salatu nahi dugu. Egoera politiko honetan halako operaziorik gertatzea gero eta ulergaitzagoa da, Akordio hau izenpetu genuenok bultzatzen ari garen bake eta irtenbide demokratiko prozesua oztopatu eta geldiarazi asmoz ez bada.

Gaur lau herrialdetan atxilotu dituzten gazte eta abokatuei, beraien senide, lagun eta kideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Gainera Espainiako Poliziak atxilotu dituela eta hurrengo egunetan inkomunikatuta egongo direla jakitun, torturak eta tratu txarrak jasan ditzaketelakoan, beraien egoeraz gure kezka azaltzen dugu. Gaur egun tortura arriskua izatea bera oso larria iruditzen zaigu. Tamalez, badakigu duela hilabete batzuk atxilotu zituzten Gazte Independentistek torturak pairatu zituztena. Horregatik lehenbailehen inkomunikazio egoera bertan behera utziz epailearen aurrean jartzeko eskatzen dugu.

Badakigu, ordea, Gazte Independentistek bake eta aterabide demokratiko prozesu honekiko konpromiso handia dutena. Gaurkoa azken urtean beraien aurka Auzitegi Nazionaletik bideratutako hirugarren sarekada dugu. Hala eta guztiz ere, Gernikako Akordioa izenpetuz eta honen jendarteratze dinamikan parte hartuz beraien konpromisoa erakutsi dute. Une gogor honetan bide horretan gurekin batera indarrez eta kemenez jarrai dezaten adorea eman nahi diegu.

Bitartean haien aurkako jazarpenak berdin-berdin dirau, beraien oinarrizko eskubide zibil eta politikoak behin eta berriz urratuta. Gernikako Akordioa izenpetu dugun eragile guztiok Espainiako Gobernuari berak ere bide politiko eta demokratikoen aldeko hautua behingoz egiteko eskatu nahi diogu. Bada garaia arrazoi politiko hutsengatik ideien kriminalizazioa, polizia jazarpena, atxiloketak eta espetxeratzeak iraganeko kontu bihurtzeko. Bada garaia torturak eta tratu txarrak desagertzeko. Bada garaia Espainiako Gobernuak jazarpena, ilegalizazioak eta errepresioa bertan behera utziz bake bideari ekiten hasteko.

Hemen gaudenok are grina handiagoz bake bidea ibiltzen jarraitu nahi dugu. Aterabide demokratikoen bila jarraituko dugu, honetan euskal herritar gehiengoa gurekin dugula jakinda. Horra hor gure konpromisoa euskal jendartearekin. Akordioaren edukiak jendarteratuz eta haiek betearazteko ere gure ahotsa altxatuz jarraituko dugu.

Jatorria: Eusko Alkartasuna