Iñaki Agirrezabalaga, Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinatzaileak herrialdeko Biltzar Nagusietan egin den Politika Orokorreko Osoko Bilkurako balorazioa egin du prentsaurrean. Agirrezabalagak esan duenez, diputatu nagusiak ez du sinesgarritasunik Euskal Herriak bizi duen momentu historikoaren diagnostikoa egiteko orduan, eta bere balorazioan zintzoa bada Gernikako Akordioarekin bat egin dezan eskatu du.

Hauek izan dira Iñaki Agirrezabalagaren hitzak:

“Prentsaurrekoa antolatu dugu Gipuzkoako politika orokorreko osoko bilkurari buruz Eusko Alkartasunak egiten duen hausnarketa politikoa plazaratzeko:

Lehenik eta behin, derrigorrez esan behar dugu atseginez hartu dugula Markel Olano diputatu nagusiak ere bat egitea Eusko Alkartasunak euskal egoera politikoari buruz egiten duen diagnostikoarekin. Diputatu nagusiak esan zuen Euskal Herrian eszenatoki berri bat ireki dela, non abertzale guztiok bide zibilen eta politikoen aldeko apustua egiten dugun”. Horixe bera da, hain zuzen, Eusko Alkartasunan aspalditik esaten ari garena.

Olanoren arazoa, hala ere, sinisgarritasun falta da, bere alderdiaren jokaera dela eta. Izan ere, EAk egiten duen diagnostiko hori, eta orain Olanok ere egiten duena, EAJk gogor kritikatu du.

Horregatik, gure zalantza da Olanoren hitzak zintzoak eta benetakoak diren ala, ordea, estrategia elektoral hutsa, hauteskundeak gero eta hurbilago daudelako. Egia da horrek alderdi guztietan eragiten duela, baina kontua da EAJren helburu bakarra gehiengo osoa lortzea dela. Bere helburua ez da Euskal Herrian aldaketa politikoa sendotzeko emaitzak lortzea, edo krisi ekonomikoa gainditzeko emaitzak lortzea. Ez. EAJren helburua bestelakoa da: Gehiengo osoa. Eta kitto.

Horregatik, zail egiten zaigu Olanori sinistea. EAJk Alderdien Legea salatzen duelako baina aldi berean lege hori aprobatu dutenekin hitzartu egiten duelako. Orain erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duelako, baina duela egun gutxi batzuk Madrilen autonomismo hutsaren eredu bihurtu delako, transferentziak oso merke negoziatzen. Indarrak batzeko deia egiten duelako, Batu Gaitezen ekimen horretan, eta gero, larunbateko manifestazioaren ondoren, ‘numeritoa’ montatzen duelako.
Horregatik, ezin sinistu Olanori Estatuaren helburua euskal gizartearen borondate politikoa ezabatzea dela esaten duenean, bere alderdia, EAJ, Estatu horretako Gobernuaren euskarri nagusia delako, Zapaterok duen bazkide nagusia.

Gauza gehiegi dira, beraz, Olanok esandakoak sinisteko, elektoralismo hutsa baino ez dela sinisteko.

Jendeari ezin zaio iruzur egin. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu egiten diogu EAJri, eta Gernikako Adierazpenarekin bat egiteko, adierazpen horretan bakea eta normalizazioa ekarriko dituzten oinarriak jasotzen direlako. Hortxe dagoelako egoera jasanezin hau gainditzeko aurrerapausoak eman nahi ditugun guztion topagunea.

Olanoren soberanismoak harritu gaitu, baina bere gobernukideen erreakzioak ere bai. Diputatu nagusiaren diagnostikoarekin asaldaturik agertu dira eta, nolabait, PSOE eta PPren ondoan kokatu dira, inmobilismoan. Halaxe jakinarazi diote Olanori, egunotan koalizioaren eske dabiltzan arren. Olanori argi geratu zaio horrela non aurkituko duen babesa berak sustatu nahi duen mugimendu subiranista hori bultzatu eta sendotzeko. Mugimendu hori ez dago jada hastapenetan; martxan dago eta norabide egokian, Eusko Alkartasuna buru izanda”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna