Europa guztiko 42 alderdi independentista, subiranista eta aurrerakoiek osatzen dugun Aliantza Libre Europarra taldearen Batzar Orokorra ospatu dugu gaur.
Egoera berezian, halabeharrez, ospatu da bilera. Izan ere, konfinamendu egoeran aurrera egitea ez da erraza izan askorentzat, eta egungo egoera ez egonkorrak bai Europa mailan baita gure herrietan ere, ez du egoera errazten.

Garai ezezagun hauek baina, baliatu behar ditugu guztia berpentsatzeko. Gaurtik aurrera, nora, nola eta norekin joan nahi dugun erabakitzeko aukera paregabea dugu aurrean; probestu dezagun.
ALE alderdia osatzen dugun guztiok; euskaldunak, eskoziarrak, kortsikarrak, flandriarrak, kataluniarrak, frisiarrak, veneziarrak… badakigu “statu quoa” aldatu nahi izatea zer den, gure izaeraren baitan baitago. Gizarte hobeak nahi ditugu, jende zoriontsua herri askeetan bizi dadin. Eraldaketa gure DNAren parte da, hortik gure leloa; “Beste Europa bat; Herri guztien Europa”.

ALEko familia osatzen dugun nazio eta lurralde gehienak oraingo “Alarma egoerak” zuzenean jo duten fronteretan daude, estautek hartutako neurri ezberdinak kalte handiak eraginez gure herrigintza eta naziogintzari. Jada muga zauri bat bada askotan, oraingo egoerak zauria zabaldu besterik ez du egin.
Dena flexibilizatzen den garaiotan “geometria aldakorra” gureganatu behar dugu diskurtsoan, Europaren irudi kaleidoskopikoa zabalduko duena, lurraldeen arteko elkarlana bultzatuko duena, estatuen zurrunkeriatik haratago, interes berdinak defendatzen ditugun herriak bat eginik;
Videoconference EFA GA Lola
Pentsa zer nolako Europa eraiki dezakegun justizia sozialean, herrien arteko elkartasunean, feminismoan, ingurumenaren zaintzan, eta noski, herrien erabakitze eskubidean sinisten dugun herriok bat eginik? Orain dugu aukera Europa hori eraikitzeko, eta ALEko kide garen guztiok, horretan dihardugu, herri txikienetik eta Bruselaraino!