Eraldaketa digitalean ZTIAM emakumeen parte hartzea bermatzeko estrategia garatzeko proposamena egin du Lore Martínez Axpek gaur Eusko Legebiltzarrean. Genero digital arrakala guztiak suntsitu eta eraldaketa digitalaren garapenean emakumeen beharrak, interesak, lehentasunak, iritziak, esperientziak eta talentua txertatzeko deia egin du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Legebiltzar Lantalde bat eratzea izan da Martínez Axperen proposamen zehatza, “ZTIAM emakumeen parte hartze eraginkorra bermatuko duen plan estrategiko integrala osatzeko oinarriak eta bide-orria sortzeko”.
Eraldaketa digitalaren garapenak “emakumeen beharra du”, esan du Martínez Axpek, “horrek berdintasuna bultzatuz arloa aberastuko duelako”. Egun EAEn eraldaketa inklusiboa eraikitzeko dauden oinarriak hobetu behar direla uste du legebiltzarkideak. Euskadiko Eraldaketa Digitalaren Estrategia 2025ri buruz “ZTIAM emakumeari buruz ezer gutxi agertzen da”, azaldu du kezkatuta, eta “STEAM Euskadi Estrategia hezkuntzara bideratuta dago erabat, eta hezkuntzatik haratago joan behar da, dagoen bezala hanka motz geratzen da”.
Eraldaketa inklusiboa izateak “gizarte justu eta kohesionatuagoa lortzen” lagunduk, o du, Martínez Axperen ustez. Uste denaren aurka, emakume asko arlo horretan aitzindari izan direla gogora ekarri du legebiltzarkideak, Ada Byron, Katherine Johnson, Margaret Hamilton edo Hedy Lamarr aipatuta.
Matxismoan eta desberdintasunean oinarritutako gizarteak oztopo ugari jarri dizkie emakumeei ustez gizonezkoenak direnen arlo eta lanbideetan sarbidea izateko. “Baina, oztopoak oztopo, emakumeek ez dute amore eman”, aldarrikatu du.