Nazionalista espainolen erasoei aurre egiteko bloke subiranista bat egituratzea ezinbestekotzat jo dute EAko gazteek.

Gazte Abertzaleak-ek babes osoa adierazi dio gaur Atarrabiako alkate eta Eusko Alkartasunako kide Peio Gurbindori, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak terrorismoaren gorazarre egitea leporatu baitio. EAko gazte erakundeak epai-prozedura gaitzetsi du “sorgin ehiza” baino ez delako eta PSOEri egotzi dio “jokaera zikin honen atzean egotea”, Fiskaltza Zapateroren Gobernuaren menpe baitago.

Gurbindo “indar nazionalista espainolen biktima” dela salatu eta akusazioak ez hankarik ez bururik ez duela nabarmendu du Gazte Abertzaleak-ek, eta horregatik prozedura bertan behera berehala uzteko exijitu du. EAko gazteen arabera, egoera honen jatorrian UPN, PP eta PSNren estrategia politikoa dago, “aspaldidanik Nafarroako abertzaleak kriminalizatzen ari direlako”.

Horren aurrean, azpimarratu du Gazte Abertzaleak-ek, abertzaleen arteko ekintza batasuna ezinbestekoa da eta helburu horren alde lan egitera die talde abertzale guztiei; izan ere, “denbora gure eta Euskal Herriaren aurka doa eta hori nazionalista espainolek ederki dakite, horregatik bloke subiranista bat egituratzea presazkoa eta ezinbestekoa da”.

Jatorria: Gazte Abertzaleak