Gasteizen gaur goizaldean kutxazainen kontra egindako sabotaien aurrean gaitzespen osoa agertu du Eusko Alkartasunak. Alderdiak dioenez, “biolentzia guztien aurka dagoela erakutsi du euskal gizarteak, eta garai honetan horrelako sabotaiak egiteak asko erakusten du egileei buruz: gizartearen errealitatetik at daudela eta, zalantzarik ez, estrategia independentistatik aldenduta”.
“Sarri hitz egiten dugu Estatuaren mugiezintasunari buruz eta benetako bakea lortzeko urratsak ematen jarraitzeko beharraz”, esan du Eusko Alkartasunak, eta gaurkoa bezalako ekintzak “atzera pausua dira, izaera biolentoarengatik arbuiagarriak izateaz gain, edozein ikuspegitik begiratuta kaltegarriak dira”.
Alderdiak argi esaten du “biolentzia guztiak erabat gaitzestea aurrera egiten jarraitzeko ezinbesteko balorea” dela eta, “zalantzarik gabe, egileek ez dakite euskal gizartearen borondatea zein den, sabotaiekin jendartearen aurka egiten baitute, baita bake eta normalizazio politikoa lortzeko prozesuaren aurka”.