Marlene Lore Christiansenek hitzaldia emango du Zarautzen

Marlene Lore Christiansenek hitzaldia emango du astelehenean, arratsaldeko 7retan, Zarautzeko Alkartetxean. EArekin lotura duen Alkartasuna Fundazioak eta Zarauzko Eusko Alkartasunak antolatu dute “Frisiar jendartea eta Herrien Europa” titulua duen hitzaldia. Friisk Foriining eta SSW alderdi soberanista frisiarren aholkularia da Marlene Lore Christiansen Schewing-Holsteingo Parlamentu Federalean.

Komunean zenbait puntu duten bi europar herri dira Euskal Herria eta Frisia: Estatu gabeko nazioak dira biak eta lurrak zein gizartea estatu bat baino gehiagotan banatuta dute. Frisiaren kasuan, Alemania, Holanda eta Danimarkaren artean. Bere herrikideek bizi duten egoera azalduko du, adibidez, bizi diren estatuaren arabera hizkuntza eskubide ezberdinak dituztela.

Frisiako egoera ezagutzeko aukera ona izango da hitzaldia, eta gainera Carles Puigdemont, Kataluniako presidente ohia atxilotu zuten estatu federala da Schewing-Holstein. Beraz, Europan Kataluniako subiranotasun prozesua nola bizi duten ere azaldu ahal izango du Christiansenek.

Hitzaldi hauekin Herrien Europa eraikitzen jarraitzen du Eusko Alkartasunak. Herri guztien Europa, aurrerakoia izateaz gain, elkartasunean eta aniztasunean oinarritzen da, egun dugun Estatuen Europar Batasunaren oso ezberdina, azken hori gero eta xenofoboagoa eta eskuinekoagoa da, eskubide eta askatasunak murrizteaz gain.

Astelehenean, uztailaren 9an da hitzaldi irekia, Zarautzeko Alkartetxean, arratsaldeko 7retan.