Juan Jose Pujana, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia
Zer iritzi duzu Batasunaren aurka abian jarri diren prozesuen inguruan?

Eztabaida ugari izan da azkenaldian, baina gauzak hotzean ikusita astakeria galanta da politikaren ikuspegitik. Alderdi Politikoen lege berriaren aurka atera izan naiz, eta horrekin koherente izanik, ezin dut besterik esan. Neurri horiekin oinarrizko eskubideak zapaltzen dira, eta arrisku izugarria dago edozein mementutan edozein gauzagatik, ez baitago irizpide objektiborik, edozein pentsaera politiko deuseztatzeko. Hori demokrazia batean ikaragarrizko atzerapausoa da. Ez du ezer konponduko, alderantziz, gauzak nahastu egingo ditu. Francok berak, indar guztiak bere esku izanik, ez zuen ETArekin amaitu, eta Francok egin ez zuena ez du Aznarrek egingo.

Mundu zibilizatuan bide bi bakarrik daude arazoak konpontzeko. Batetik, indarraren legea, eta horrekin badakigu zer dagoen: oihaneko legea, indar gehien duenak eskubidea eta justizia ezartzen ditu. Eta bestetik, nire ustez mundu zibilizatu batean erabili behar dena, elkarrizketarena.

Asko hitz egin da Ertzaintzak Batasunaren egoitzak itxi izanaren inguruan. Zer iruditu zaizu Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarrera?

Euskal Herria oraingo Euskal Autonomia Erkidegoa baino zerbait gehiago dela nabarmena da, nahiz eta zoritxarrez hiru zatitan banatuta dagoen. Erkidego honetan erakunde batzuk daude, herriaren nahiaren bidez sortuak eta eginak, horretan ez dago dudarik. Herri gisa aurrerapausoak emateko ezinbestekoak dira erakundeak eta Jaurlaritza erakunde demokratiko bat da, modu demokratikoan hautatu delako. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi utzi du zein jarrera duen Batasunaren ilegalizazioa dela eta; erabat aurkakoa. Baina beste gauza bat da Jaurlaritzak bete beharrekoa. Ertzaintza Jaurlaritzaren menpe dago, herri honek egin duen polizia orokorra da, eta poliziak betebehar batzuk ditu bai delituaren aurka eta bai justiziak agintzen dionaren aurrean. Eta horretan Ertzaintzak ez du besterik egin, egin behar zuena baino. Ertzaintza guztia Batasuneko kidez osatuta egongo balitz ere, ez luke beste aukerarik egin duena baino. Oso garbi eduki behar da gizarte batean legea ezinbestekoa dela. Herriak, erakundeen bidez, legeen bidez eta arazoak arautuz antolatzen dira eta hori galtzen bada ez dago gizarterik, ez besterik.

Garai latzak omen datoz. Zer gogoeta egiten duzu egoera politikoaren etorkizunari begira?

Euskal Herria oso herri zaharra da, Espainiaren aurretik sortua. Gauzak perspektibarekin ikusi behar dira, bestela aurreko hormarekin muturrez kolpatzen baitzara. Geroari begira itxaropentsu nago, Euskal Herrian badago herri hau guztiz askatzeko eta bere nortasun politikoa eskuratzeko borondatea, baina baldintza batzuk daude. Herri txiki bat gara eta indarkeria ezin da erabili helburu politikoak lortzeko. Hori argi utzi behar da, eta hemen badakigu nork puskatu zituen abertzaleen artean herri hau eraikitzeko eman ziren urratsak. Herri honetan Lizarrako itunak sortutako itxaropena ikaragarria izan zen. Nork apurtu zuen? Zergatik? Nori mesede egiteko? Etorkizuna euskaldunen eskuetan ikusten dut, baina baldintza batzuk behar dira. Ezin da ezer inposatu, ez Madrildik, ez Euskaditik. Herri baten borondatea baino gauza sendoagorik ez dago, tankeek ere ez dute balio horren aurka. Herri honek bere buruaren kontzientzia du, eta herri batek bere buruaren kontzientzia duenean ez dago geldituko duenik.

Ekaitz Agirre / Egunkaria.com

Jatorria: Juan José Pujana