Kolaboratzaileok askotan oinarrizko aukera bat egin behar izaten dugu ordenagailu aurrean jartzen garenean, hain zuzen, gaurkotasunaz baliatuz iritzi artikulua idatzi edo, aurretiaz pentsaturik geneukan gidoia errespetatuz gaukotasunari uko egitea. Egoera horretan sentitzen nuen atzo neure burua: larunbatean egin beharreko ekarpen foroaz edo ETAk atzo goizean publiko eginiko su-etenaz aritu. Halere, irakurle agurgarria, maiz irakurriko dituzu gaur ETAri buruzko editorialak, eta asko izango dira irrati zein telebistatan su-etenaz entzungo dituzunak. Astakeria eta zentzugabekeria gehiegi ziurrenik. Hori dela-eta, jar diezaiogun arreta larunbatean gertatuko den ekitaldi bati: Nazio Eztabaidagunearen ekarpen foroa.

Hilabete askoan aritu izan dira pertsona asko Nazio Eztabaidagunean murgildurik, lehen fasean, Euskal Herriaren diagnostikoa egiteko saiakeran, eta bigarrenean, gatazka politikorako eta nazio eraikuntzarako proposamenak egiteko saiaketan. Larunbatean Nazio Eztabaidaguneak ateak irekiko ditu, ekarpenak egiteko borondatea duen euskal herritar orok aukera izango du gatazka politikoaren konponketaz edo nazio eraikuntzaz proposamenak egiteko. Bertan egindako ekarpenetatik mahai gainean jarri diren proposamenak osatuko dira, eta hurrengo urratsa Osoko Bilkuraren oniritzia izango da.

Gatazka konpontzea eta nazio eraikuntza guztion ardurak dira. Horren alde lan egiteko merezi du larunbat goizean Eibarrera joatea, norberaren ideiei uko egin gabe, zinez sinesten diren proposamenak eginez eta kontuan hartuak izan daitezen planteatuz. Euskal Herrirako, Espainiarako zein Frantziarako norberak eduki dezakeen proiektuari uko egin gabe denen aportazioak dira beharrezko eta garrantzitsu. Ehunka lagunen mobilizazioa behar dugu, ahalik eta askotarikoena eta ahalik eta orekatuena. Asko izango dira ezker abertzalearen sentsibilitatea ordezkatuko duten lagunak, eta, beraz, sentsibilitate horretatik ondorioztatzen diren ekarpenak ere asko izango dira, eta hori erabat positiboa bada ere, sentsibilitate horretatik at daudenen esku dago ekarpenak desberdinak eta askotarikoak izan daitezen. Diagnostikoaren inguruan entzundako hainbat komentario mingarriak izan ziren oso, ezker abertzalearen ideiak zirela argudiatuz eta gainontzeko sentsibilitateak baztertuak izan zirela aipatuz. Horren errudun ez dira bertaratutakoak, ez joandakoak baizik. Proposamenen egokitasuna denon esku dago, baina neurri handiago batean bertan izango garenen esku. Bertaratu ezin bazaitezke, internetera jo eta bost minutuan emaguzu zure ekarpena, baina, halere, gauza bat kontuan izan ezazu: Euskal Herriaren arazoez mintzatzeko aukera ezin hobea daukagu larunbatean. Saia gaitezen. -
Jatorria: Martin Aranburu