Pello Urizar Baionako ekitaldian Pello Urizarrek parte hartu du Baionan ekitaldi batean Ezker Abertzale, Alternatiba, Aralar eta Abertzaleen Batasunako ordezkariekin batera. Epe labur batean akordio estrategiko nazional bat adostea espero dute, Hegoalderi nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izango dituena, alegia.

ABERTZALEEN BATASUNAK, ALTERNATIBAK, ARALAREK, EZKER ABERTZALEAK ETA EUSKO ALKARTASUNAK, Baionan, 2012ko martxoaren 14ean bildurik, ondoko hau elkarrekin Euskal Herriari jakinarazten diogu:

• Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak, aniztasuna oinarri eta xede izanda, indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua egiten dugula plazaratzen dugu. Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko geure ahaleginak metatuz egitea erabaki dugu, eskuratu nahi dugun Euskal Herri subiranoa eta solidarioa erdies¬teko bidean aurrera egiteko asmoz. Erantzun eta urratsak emateko, bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko.

• Azken aldian Euskal Herrian eman diren aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria baikorki baloratzen ditugu. Bizi dugun abagune historikoa herri honek ezagutzen duen gatazka politikoa konpontzeko eta bere eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko memento erabakigarria dela uste dugu.

• Hala ere, partekatzen ditugun helburu hauek maila ezberdinetan oztopatuak dira. Lehenik, krisi ekonomikoak sistema kapitalistaren izaera menperatzailea behin eta berriz erakusten du, jendartearen eskubide pertsonal zein kolektiboak higatuz eta horren aurrean erantzunaren eta jendarte eredu berrira zuzendutako alternatiba sozioekonomiko baten beharra agerian utziz. Bigarrenik, Frantses eta Espainol Estatuek Euskal Herriarekiko duten jarrera hertsiak indarrean dirau: urraketa demokratikoak, blokatze instituzionala, mota anitzeko errepresioa…

• Egoera honetan, Euskal Herri osoan aspalditik adierazten diren eskakizunak sekula baino biziagoak agertzen zaizkigu. Gure herriari dagokion subjektu politikoaren izaerak eta hemengo herritarrei beren etorkizun politikoa, soziala eta ekonomikoa libreki hautatzeko eskubideak ezagupenik gabe edota ukatuak segitzen dute. Euskal Herriak bizi dituen erronkak lurralde bakoitzean ezberdinki eta erritmo propioetan deklinatzen dira, baina problematika nazional osoa osatzen dute denek.

• Urratzen diren eskubideen artean bada gure herriari berezko izaera ematen dion eskubide baten aitortza eza, hizkuntza eskubideena alegia. Izan ere hizkuntza eskubideak giza eskubideen ondare eta gizakiaren nortasunaren berezko osagarri baitira. Euskara, hizkuntza europarra, ez da Euskal Herriaren herrialde guztietan aitortua. Ez dago onartua euskararen erabilera bizitzako esparru guztietan. Horregatik, gure herriaren berezko hizkuntza bizitzako esparru guztietan eta gure lurralde guztietan modu normalizatuan erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea exijitzen dugu, eta helburu hori erdietsia izateko eta euskal kultura, oro har, gure herrian zein mundu mailan sustatzeko gure konpromiso irmoa adierazten dugu.

• Egoera horren aitzinean, konbentzituak gara azken urteotan alderdion artean erakutsi desadostasunak zein zatiketak gainditzeko unea heldu zaigula, eta gauden ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko indar metaketa iraunkorra sortzeko parada badugula.

• Horregatik, adierazpen hau izenpetzen dugunok modu iraunkor eta sakonean elkarlanerako engaiamendua hartzen dugu, Euskal Herriak bizi dituen ahal bezainbat problematikari aho batez erantzun ahal izateko. Horretarako, lehen helburutzat dugu epe laburrean aldaketa politiko eta sozialerako ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko Akordio estrategiko nazionala landu eta adostea. Euskal Herri mailako Akordio honek Hego nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izanen ditu.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA