Andoni Iturzaeta Gazte Abertzaleak erakundeko idazkari nagusia Andoni Iturzaeta
Arbillaga 23 urteko tolosarra Gazte Abertzaleak erakundeko idazkari nagusia
eta EAko batzorde eragileko kide da, igandeaz geroztik; Politika Zientziak ari
da ikasten. Iturzaeta gogotsu mintzatu da Egunkariarekin Gazte Abertzaleen VI.
kongresuaz eta, oro har, erakundearen erronkez.
.Nolako balorazioa
egiten duzu egin berri duzuen Kongresuari buruz?

Balorazio ona egin
behar dugu. Alternatiba eraikiz izan da leloa, alternatiba bat eskaini nahi
dugulako, printzipio abertzale eta ezkertiarretan oinarrituta. Abertzaletasun
arduratsu batetik, baina inoiz ahaztu gabe abertzaletasun desobediente eta solidarioa
izan behar duela.
.Desobedientea
esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Herri honetan gatazka
politiko bat dago. Soilik euskaldun sentitzen garenon identitatea ez da aitortzen,
eta proiektu guztiek ez dituzte aurrera ateratzeko baliabide berak. Egiturako
arazo bat da. Gatazka dago marko bidegabe bat dagoelako, eta guk egiten dugun
hautua desobedientzia zibilaren aldekoa da, gure herriak ez dituelako beste
metodologia bortitzagoak onartzen, nazionalismo instituzionala moderazio edo
erosotasun horretatik ateratzeko eta aldarrikapen dinamikak bultzatzeko. Kongresuan
onartutako ponentzia gizarteratu behar dugu: oraingo esparru politikoa gainditzeko
proposamena.
.Nolako esparrua
nahi duzue, eta nola alda daiteke?

Esparru berriak
hiru oinarri izan behar ditu: demokrazia, justizia eta aitorpena. Horretaz ari
garenean, hizkuntz eskubideez, subiranotasunaz eta lurraldetasunaz ari gara.
Esparru aldaketak borondate politikoa eskatzen du, hori garbi dago, adostasun
handia. Eta egun politikarien jarrerak ez doaz hortik: PPren geldikeriak, gaizki
deituriko ezker abertzalearenak -gaizki deiturikoa diot, ni hor kokatzen naizelako-
itxaropenari leku gutxi uzten diote. Eta aldaketa onartzen ez den bitartean,
desobedientziaren bidea hartuko dugu, behar hori nabarmentzeko. Badakigu zaila
dela, baina itxaropen izpi bat izan behar da.
.Zer iruditzen
zaizu Segi legez kanpo utzi izana?

Botere judizialaren
politizazioa lotsagarria iruditzen zait. Hitz egin dezakegu Segiren ilegalizazioaz
edo Batasunaz. Nire ustez, hori onartezina da, eta beste inongo herri demokratikotan
ez da ideiari legez kanpo uzten. Maiatzaren 13an EAJ-EAk lortutako boto asko
ezker abertzaletik etorri ziren; boto horiek erradikalizatzen badira, PPk pentsa
dezake errazagoa izango duela. Urteetan aritu gara saiatzen Batasunak politikaren
aldeko apustua egin dezan, eta, hori lortzeko, noren buruan sartzen da legez
kanpo uztea?
.Nolako harremana
duzue beste gazte erakundeekin?

Egia esan, nahiko
harreman gutxi daukagu. Hori bai, PPrekin harremanak hautsita ditugu, faxistatzat
eta arrazistatzat jo gintuztelako. Dena den, esparru berrirako proposamena zabaltzeko
beste gazte jendearekin hitz egin beharko dugu, noski.
.Gazte abertzale
eta ezkertiarren erreferente izan nahi duzue. Hori ez al da zaila EA eta EAJ
hain lotuta egonda?

Nik ez dut uste
ibilbide politikoa hain lotua izan denik. Lotu gara nahiko beharrezkoa izan
denean, eta azken hauteskundeetan uste dut beharrezkoa zela. Eta ezkerraren
erreferente izateko ez dut uste begiratu behar denik zeinekin egiten den lan
eta zeinekin ez, zer egiten den baizik. Egunerokotasunak erakusten du gure politika
ezkerrekoa eta soziala dela. EAk beste indarrekin jarrera irekia izan du, eta
hemendik aurrera beste koalizio asko egon daitezke.
.Hauteskundeei
begira zein jarrera hartu beharko luke?

Nik oso garbi daukat
ezkerraren erreferente nahi dugula izan, eta, alde horretatik, askozaz ere interesgarriagoa
da Aralarrekin zerbait egin daitekeen ikustea, beste edozeinekin baino. Ezker
abertzale arrazional edo arduratsuaren bilgune izatera iristea da helburua.

Nik uste dut benetako
esparru sozial bat egon daitekeela abertzalezaletasunean eta ezkerreko printzipioetan
oinarriturik eta nolabait indarkeriaren aurrean jarrera zurruna izanda. Esparru
hori betetzeko asmoa izan beharko genuke, eta esan dezaket EAk baduela.
.Zer moduzko
harremana duzue alderdiarekin?

Gu alderdiarekin
oso pozik gaude. Bien artean errespetu handia dago. Alderdiak ulertzen du guk
gure dinamika propioak bultzatu behar ditugula, zeren eta gure lana gizartearen
beste sektore bati zuzentzen diogu. Autonomia? Normalean erabakitako gauzak
egin ditugu, nahi izan dugunean.
Elkartzeko aukerak
onak izaten dira; askotan, ikusten duzu adostasun puntuetara iritsi zaitezkeela.
Niri PSE-EErekin gertatu zitzaidan hori. Ikusten duzu PSE-EEren jarrera, eta
ez zaizu inondik inora burutik pasatzen PSE-EEko gazteriak horrelako jarrerak
izaterik: autodeterminazioaren aldeko jarrerak, errekonozimenduaren aldekoak…

Idoia
Etxeberria . Egunkaria.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna