Martin Aranburu – Eusko legebiltzarkidea
Tesia, antitesia eta sintesia. Askorentzat materialismo historikoarekin eta dialektika hegelianoarekin zerikusia duten kontzeptuak dira, ondorioz, zaharkitutako terminoak. Ez da nire intentzioa filosofiaz aritzea, baina Iraken aurkako guda dela-eta, ezkerraren oinarrian dauden hiru kontzeptu sinple horiek datozkit burura. Izan ere, hain zaharkituak ez dira, izatez Bush eta bere lagunek, beraiek sorturiko tesiaren antitesia muturrean topatu baitzuten munduan zehar larunbatean.

Estatu Batuetako Gobernuak defendatzen duen doktrina ekonomikoarentzat handiak izan dira orain arte globalizazioak suposatu dituen onurak: mundu mailako zabalkunde ekonomiko bortitza, merkatu globalaren egunez eguneko konfirmazioa, estatubatuarren balio sozialen pixkanakako nagusitzea hedabideen erabileraren bidez eta eredu ekonomiko eta sozial baten alternatibaren ahultzea besteak beste. Mundu mailako merkatu, politika eta kontzientzia. Asteburuan ordea, Etxe Zuriko agintariek globalizazioak dituen ondorio negatiboak ezagutu zituzten: mundu mailako kontzientziak, mundu mailako iritzi publikoa sortzen baitu. New York, Londres, Tokio, Damasko eta Sidney izan ziren, besteak beste, Irakeko gudaren aurkako manifestazio erraldoiak bizi izan zituzten hiriburuetako batzuk, iritzi publiko «globalak» guda egiteko arrazoi nahikorik ez dagoela eta ipar-amerikarren argudioak argi errefusatu zituelarik. Bushek globalizazioaren akats nabarmen bat topatu zuen asteburuan: mundu mailako oposizioa.

Ez dut uste asteburuan gertatutakoaren ondorioz Bushek Iraken aurkako erasoak geratzeko borondate apurrik duenik, Estatu Batuetako presidenteak ezin baitu Estatu Batuen nagusitasun energetikoa arriskuan jarri mundu mailako iritzi publikoak kontrakoa esaten badio ereŠ Halere, agerian geratu da nire ustez, hedabideek egunero sinetsarazi nahi dizkiguten gezurren bonbardaketa egonik ere, Estatu Batuetan ez bezala, mundu mailako milaka eta milaka pertsona gai direla oraindik ere norberaren kontzientzian sinesteko eta norberaren giza balioei eusteko. Pozgarria da globalizazioaren porrotaren konfirmazio xume hau, liberalismoak ez baitu lortu oraindik egia zaletasuna itotzea eta mundu mailako iritzi alienazioa lortzea.

Are eta gehiago. Ziur naiz globalizazio liberalak, mundu mailako manifestazioen eta Porto Alegreko Foroaren bidez antitesiaren gakoa agerian utzi digula: mundu mailako iritzi publikoa. XIX. mendeko liberalismoak klase kontzientzia sortu zuen bezalaxe, XXI. mendeko liberalismoak beste klase kontzienzia bat sortu du: globala, baina hura zen modukoa, bere eskubideak egunez egun urratuak dakuskiena. Tesiak badu bere antitesia. Gure eskuetan dago sintesia erabakitzea. Ea oraingoan ondo egiten dugun.

Jatorria: Martin Aranburu