Erabakitzeko eskubidearen alde dauden Eusko Legebiltzarreko alderdiek Segurantza Sozialaren eskualdatzea eskatu dezaten proposatu du gaur Leire Pinedok. Horrela, Gernikako Estatutua betetzeaz gain, EH Bilduk nahi duen pentsio sistema propioa lortzeko aurrerapausoa emango litzateke. Horren harira EH Bilduk aurkeztu duen mozioa ez da onartu baina EAJ, PSE eta Podemosek hitzartutako beste bat aurrera atera da, koalizioaren baiezko botoekin. Testuan eskuduntzaren traspasoa eskatzen da baina jeltzaleek pentsio sistema publikorik ez aldarrikatzea deigarria da.
EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAkidea den Pinedok pasa den asteko pentsiodunen mobilizazioak ekarri ditu gogora –EAJren babesarekin onartu zen igoera kaskarraren aurkakoak- eta Estatuan egun dauden 9 milioi pentsiodunetatik 5ek LSM baino gutxiago kobratzen dutela azpimarratu du: Kotizaziopeko pentsioak Europan baino %25 txikiagoak dira eta kotizazio gabekoak %50.
Estatuko sistema xahutzen ari dira “gastua –pentsioak- gutxitzea helburu bakarra duten erreformen bidez, eta bitartean egin dituzten lan erreformek diru sarrerak ito dituzte, gero eta baldintza eskasagoak dituen lan merkatuaren bidez eta kalitatezko enplegua sortzen dutela frogatu ez den neurri izarrekin”. Horregatik, EH Bildu “gaurko eta biharko pentsiodunen egoerarekin” konpromisoa agertu du, Pinedok azaldu duenez.
Espainiako Gobernuak erabat kontrolpean duen sistemak 18.000 milioi euroko defizitarekin amaitu du 2017 urtea, 8.000 milioi euroko erretserba fondoarekin eta 27.500 milioi euroko zorraz. Beraz, eskuduntzak izatea, “euskal jendartearen beharrei erantzuteko tresna egokiak emango lioke gure Segurantza Sistema, eta beharrezkoa da lehen bait lehen horiek hartzea”.