Atzo, Batasunak Donostian publiko egin zuen dokumentuaren aurrean, Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak, hurrengo gogoetak egin nahi dizkio euskal gizarteari:

Batasunako manifestazio publikoetan ohiko izan den moduan, atsekabez hartzen dugu azken hogeitabost urtetako balantzea egiterakoan, beraiek ezik, beste guztiek gaizki egin dugunaren apriorismotik abiatzea, eta beren jarrera ikustea koherente bakar gisa, ikuspegi demokratiko eta abertzale batetik. Euskal Herriko historia berriaren azterketa egiterakoan autokritikarik eza egotea, ez dugu uste ona denik, etorkizunerako apostuak egiteko garaian, apostu honek, ezinbestean euskal gizartearen eta gainontzeko solaskide sozial eta politikoen sinesgarritasuna behar eta transmititu behar duten heinean.

Eusko Alkartasunatik, euskal gizartearen gehiengotik bezala, demokrata eta abertzale diren hiritarren gehiengoak egindako lana ezin gutxietsi daitekeena defendatzen dugu, honek eraikuntza nazionaleko ibilbidean aurrera egiteko balio izan duelako, gure herriak diktadura garaietatik irteterakoan zituen gabezi eta urjentziei erantzun egokiak emanez hizkuntza arloari dagokionean, kulturan, ekonomi arloan, sozial eta azpiegituretan. Egunez egun eraikuntza nazionalarekiko erantzunkizunezko konpromezu hori gabe, gaur egun ezingo genuke burujabetzaren defentsan oinarrituriko etapa politiko berri baterako eskenatoki politikoan egon.

Ez dago arrazoirik dokumentu hau Eusko Alkartasuna eta Eusko Alderdi Jeltzalearen aurka erabiltzeko, 1999 urteko su-etenaren hausturaren erantzule eginez, Batasunak ondo baino hobeto dakienean hau faltsua dela, eta batez ere, euskal gizarteak era argian agertu duenean norena den haustura honen erantzunkizuna, dokumentuaren idazleak ederki tamaltzen duten bezala.

Beste guztiak zuzendu eta lezioak emateko funtzioa beretzat harturik, norberaren erantzunkizunak ez asumitzearen aspaldiko jarrera hori sentitu eta salatzea alde batera utzita, Eusko Alkartasunak urte askotatik hona planteatu eta defendatu dituen kontzeptuak Batasunako munduak jaso eta planteatzea begi onez ikusten dugu. Hala nola:

- Eraikuntza nazionalaren bidean aurrera egiteko Euskal Herriaren egungo erakunde sarearen onarpena eta bertatik abiatu beharra.

- Iparraldean Euskal Departamenduaren beharraren defentsa.

- Gatazkaren irtenbidea soil-soilik bake bideetatik etorriko dela, bazterketarik gabeko alderdi guztien elkarrizketaren bidez , ETA-ri Gobernuarekin gai teknikoak konpontzea eta baita ere, gizarteak bere ordezkari legitimo eta demokratikoen bidez adierazitako borondatea errespetatzea besterik ez dagokiolarik.

Era berean,aurrerapauso bat suposatzen du euskal gizartearen aniztasuna onartzea, hiritargoaren erabakia errespetatzearen konpromezua – nahiz eta agian ez den norberaren “desideratum”arekin bat etortzen – edo bazterketarik gabeko alderdi guztien solaskidetza.

Alde baikor eta ezkorren nahasmen honetan, Eusko Alkartasunatik zera azpimarratzen jarraitzen dugu: indar politiko guztiek, beste edozein kontsiderazioz gain, giza eskubide indibidualen defentsa aktiboa lehenetsi beharra, salbuespenik gabe, benetan gure Herriarentzako pakezko etorkizun bat eraiki nahi badugu. Giza eskubideen defentsa aktibo hori bakarrik izango da aurrerapausoaren berme, tragedia eta saminaren berehalako amaieraren alde eta biktima errugabe gehiago nahi ez duen aldarrikapen argia egiten duen gure gizartearen normalizazio politikoaren alde.

Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak eta, sinesturik gaude, Euskal Herria osatzen dugun gehiengo zabalak, Donostian publiko egin ziren txosteneko atal positiboak, hemendik aurrerako eguneroko eginkizun praktikoan baieztatu eta berretsiak izan daitezela itxaroten dugu, honela 1999ko su-etenaren hausturarekin beren pake desioa zapuztuta ikusi zuen euskal gizartearen gehiengoarengan hainbeste deskonfidantza sortu zuten atal ezkor eta iraganeko inertziak baliogabetuz.

Batasunak badaki, biolentziazko praktiken babesa kanpo uzten dituen bide politiko et demokratikoetatik eta soil-soilik hoietatik aurrera jarraitzea erabakitzen badu, salbuespenik gabeko giza eskubide guztien defentsan konpromezu aktibo bat hartuz, Eusko Alkartasunaren babes eta kolaborazioa izango duela eta euskal gizarte osoaren onarpena.

Jatorria: Javier Vegas