Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek adierazi du Euskal Bidearen oinarrian abertzaletasun historiko instituzionalaren tradizioa dagoela. Gaur goizean Donostian izan den prentsaurrekoan, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak baieztatu du egun independentziaren aldeko atxikimendu handia dagoela euskal gizarteko maila ezberdinetan: “Gehiengo sozial sendo bat dugu, baita independentziaren aldeko presentzia instituzional sendoa ere; gizartea erakartzeko ahalmena erakutsi duen Gure Esku Dago bezalako ekimena badugu, baita modu arrakastatsuan gizarteratzen ari den Euskal Bidea deitu diogun proposamen politikoa ere”, esan du Urizarrek eta, segidan, gehitu du “baldintzak badirela, proposamena badagoela eta subiranotasunaren garaia dela”.

Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Euskal Bidearen inguruan adierazi du “subiranotasunak azken 40 urteetan izan duen proposamen pragmatikoena”, urte askoren lanaren ondoren lortutakoa. Zentzu berean, Euskal Bidea bi iturrietatik edaten duela azaldu du: instituzionaletik eta iturri sozialetik. “Abertzaletasun historiko instituzionalaren esparruan, Eusko Alkartasunaren alorra dena, proposamenak Carlos Garikoetxea lehendakariaren Liburu Gorritik edaten du, bere egunean Ibarretxe Plana bezala ezagutu zen Estatutu Berriaren Planak edan zuen bezala”, esan du Urizarrek.

Hala ere, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak defendatu du Euskal Bidearen proposamena Estatutu Berriaren Plana baino urrunago begiratzen duela. Azken hori erakundeen eremura mugatu zen, baina Euskal Bideak “ezaugarri sozial aurreratuagoa dauka: ez du bakarrik azkeneko mugarria planteatzen -Euskal Estatua-, baizik eta helmugara iristeko behar den bidea ere marrazten du”.

Urizarrek gehitu du Eusko Alkartasunak “subiranotasunaren bidea pausoz pauso eman behar den bidea da, Euskal Herriko errealitate administratibo bakoitzean dauden gehiengo politikoek ezartzen duten erritmoaren araberakoa”. “Ez ditugu epeak baldintzatuko, baina aldi berean ez dugu Euskal Herriko errealitate ezberdinetan subirautza politiko, ekonomiko eta sozialean aurrerapausoak emateko aukerei uko egingo”, azpimarratu du.

Modu berean, EAko idazkari nagusiak esan du bidearen hasieran egon arren, bi alorretan jada irabazi egin dela: alde batetik, urte askoren ostean “irudipenen” mailan egon ondoren, egun independentzia eztabaida politikoaren erdigunean dago. Bestetik, euskal gizarteak “guztiz barneratua dauka erabakitzeko eskubidea lehen mailakoa dela”, adierazi du.

Urizar: “EAJ erabakitze eskubidearen aurrean definitzeko beldur da”
Segidan, Urizarrek EAJk Euskal Bidearen aurrean erakutsi duen jarrera kritikatu du: “EAJk proposamenaren aurka plazaratzen dituen kritikak, jeltzaleen beldurra bakarrik adierazten dute; erabakitze eskubidearen aurrean planteamendu teorikoa alboraturik, ikuspegi praktikoaren inguruan definitu behar direnean sortzen zaien beldurretik eratortzen dira kritika horiek”, esan du, gero honakoa gehitzeko: “Argi daukagu, ordea, Euskal Bidearen gizarteratzearekin batera, proposamenak EAJren oinarri sozialaren zati handi batekin bat egingo duela, hots, nazio eskubideen alorrean pausoak eman nahi dituen zati horrekin”.