MAIORGA RAMIREZ

Egunon,

Milesker etortzeagatik. Gaur zoritxarrez gehiegi luzatzen ari den gai baten gaineko irakurketa egin nahi dugu: ETB LTD bidez ikusteko nafar herritarren aldarria.

Gaia kokatzeko, ezinbestekoa da hiru puntu aipatzea. Batetik, ETB jasotzea dela nafarrek euskarazko telebista bat izateko aukera bakarra. Beraz, herritarren hizkuntza eskubideez ari gara.

Bestalde, nabarmendu behar da ez dagoela inolako oztopo legalik Nafarroan ETB emititzeko. Ez Estatuko Ikus-entzunezkoen Legean, ezta Europan ere. Aitzitik, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak emandako gomendioa argia da: euskaldunei euskarazko telebista bat bermatzea. Legezkoa da EITBren ekimena eta legezkoa EAko afiliatuek burututako ekintza. Gogoratuko duzuenez, Eusko Alkartasunako militantziak antena erosi eta jarri zuen bi helburu lortuz, batetik Iruñerriko biztanleek ETB ikusi ahal izatea eta bestetik, antena ez jartzeko arrazoi ekonomikoa bertan behera uztea.

Azkenik aipatu Nafarroako Parlamentuak egindako eskari batez ari garela, eta beraz, betetzen ez den bitartean, Nafarroako herritarren gehiengoaren eskari bat ukatzen da.

Iritsi zaigun azken berria da lantalde bat osatuko dela Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean gaiari irtenbidea emateko.

PELLO URIZAR

EAren arabera iraingarria da Nafarroako herritarrek ETBren emisioak libreki jasotzeko duten eskubidea Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lantalde baten erantzunaren eskuetan uztea, jakinik UPNk ez duela akordio batera iristeko inolako borondaterik.

UPNk hizkuntza normalizazioaren alde egiten den edozein ekintza trabatu eta galaraziz erantzuten du beti, eta beraz, ETBren emisioen etorkizuna UPNren borondate onaren gain uztea zentzugabekeria eta arduragabetasun hutsa da. Zentzu horretan, aitortu behar EAJren ausardia faltak nahigabetzen gaituela, EITBk erakutsitako prestutasuna eta konpromisoa geldiarazi duelako eta, ondorioz, hark ez duelako oraingoz emisioa aktibatu, publikoki Maite Iturbe berak hala hitzeman arren.

¿Halako beldurra ote du Barcina andereak eta horrelako interes gutxi Urkullu jaunak? Izan ere, Barcinaren jarrera onartezina bada, Urkullu jaunaren jarrerak ere herritarren itxaropenei iruzur egin die. Izan ere, lantaldea osatzeko akordioarekin nafar guztiak ETBrik gabe egotera kondenatu ditu. Halaber, agerian gelditu da ETBren emisioa bermatzeko prozesuan suertatutako traba ugariak interes politikoen eta borondate faltaren ondorio direla.

UPNren Gobernuaren jarrerak argi uzten du demokrazia arazoa dagoela, ez baitu gustoko ez duen araudi edo erabakirik betetzen, berdin dio Europar Batasunetik etorri edo Nafar Parlamentutik. Eta kasu batzuetan, irratien frekuentzien banaketan kasu, argi dago legeei muzin egin eta interesen arabera mugitzen dela. Eta gogorra izan arren, hori prebarikazioa da.

Gehiengoek ez dute balio Nafarroan. Eta Eusko Alkartasunak kasu honetan zer egin daitekeen galdetuta, zerbitzu juridikoak lanean jarri ditu. Gure ustez, araudiak eta gehiengoaren borondatea juridikoki exijitzeko aukera badago. Baita Europako Arartekoarengana jotzeko ere. Eta Eusko Alkartasunaren erabaki irmoa da bide horiek jorratzea.

Zentzu honetan, Urkulluk bere jarrerarekin Barcinaren portaera antidemokratikoa legitimatzen duela azpimarratu nahi dugu, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoari muzin eginez. Horrela, EAJri dei egiten diogu aurrera pauso bat eman eta ETBren emisioak aktibatzera.

Hori da Eusko Alkartasunaren posizionamendua. ETBk atzera emandako pausoarekin ETB ere digitalean ikusteko uzten duen bide bakarra EAk bere poltsikotik antena bat jarrita martxan jarri zuen ekimena baita.

MAIORGA RAMIREZ

Hain zuzen, ekintza horrek, jakingo duzuenez, kostu handia ekarri digu, 49.500 euroko isuna ordaindu behar izateraino. Hala ere, gure konpromisoak traba judizialen eta zigor administratiboen gainetik jarraitzen du.

Zentzu horretan, egoera probestu nahi dugu Nafarroan euskarazko telebista aldarrikatu eta isunari aurre egiteko laguntza jasotzeko hasi dugun kanpainaren berri emateko.

 Nafarroa ETB web