Hurrengo astean Europar Parlamentuak ekimen bat eztabaidatu eta bozkatuko du

Hurrengo astean Europar Parlamentuak ekimen bat eztabaidatu eta bozkatuko du, non demografiak jasango dituen aldaketei aurre egiteko neurriak proposatzen diren. Izan ere, hemendik eta 2050. urtera arte, biztanleriaren batez besteko adina 10 urte zaharragoa izango da, hau da, 39 urtetik 49ra. Denbora tarte berean, gizartearen bizi itxaropenak gora egingo du 6urtetan gizonentzat eta 5 emakumeentzat. Arazo honi aurre egiteko lau puntutan jarri da atentzioa: amatasunean, familia bizitza eta lana tartekatzeko zailtasuna aitzat hartuz, eta familiei emango zaizkien diru laguntzak. Beste alde batetik, adopzio kontuak ere eztabaidatuko dira, eta azkenik 65 urtetatik gora lanean jarraitzeko aukera. Mikel Irujo europarlamentariaren aburuz, ´ erraza da esatea aldaketa demografikoaren erantzuna jaiotza tasa igoaraztean datzala. Baina arazoa bere oinarritik aztertu behar da; familiek dituzten zailtasun eta beharrizanak ikertu haur bat edukitzeko garaian. Gure eginkizuna, politiko garenez, behar diren baldintzak sortzea da, umea izateak ez ditzan arazoak ekarri, baizik eta poztasunak´. Eusko Alkartasunaren ustez, demografia aldaketa erronkatzat hartu behar da, ez arazotzat. ´Nahitaezkoa da eskualde aktiboak garatzea, non biztanleria beharrezkoa eta emankorra sentituko den, hartara gizartea bera bertan kudeatzeko gai izan dadin. Gure helduak denbora luzeagoz bizitzea lortu baldin badugu, denbora horri etekina atera diezaioten lortu behar dugu´.

Jatorria: Mikel Irujo