Eusko Alkartasuna Eusko Alderdi Jeltzaleak hartu duen norabidearekin kritiko agertu da, beti haien “arima autonomista” gailentzen delako. EAko komunikazio idazkari Ikerne Badiolak EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Unió-ko hautagaiarekin izandako bileraren inguruan adierazpenak egin ditu eta nabarmendu du “kontraesankorra” dela “Ortuzarrek mitin batean independentismoaren aldarria egin ondoren, orain, EAJk Unió Democrática de Catalunyaren alde egitea, Convergencia eta Junts Pel Sí babestu beharrean”.

“Beste behin, EAJ-ren independentziarako nahaia ezerezean gelditu da, gauza bat aldarrikatu eta beste bat egin, eta benetan prozesu subiranista martxan dagoenean, gizarte katalanaren borondatearen babestu ordez, bere laguntza Estatu espainiarraren betoa onartzen dutenei ematen die”, esan du Badiolak.

Eusko Alkartasunak Esquerrari eta Junts Pel Sí koalizioari bere babesa berresten die; azken finean, “praktikara eramaten ari dira Euskal Herriaren independentziarako Euskal Bideak aldarrikatzen duena: alderdi independentisten eta gizarte zibilaren ordezkarien elkarlana helburua lortzeko”.

Zentzu horretan, Badiolak esan du “gizarte katalanak zerrenda bateratuaren alde” egin duela eta “ez Unió-ren epelkeriaren alde”.