Josu Urrutikoetxea Savoian atxilotu eta gero honakoa adierazten du Eusko Alkartasunak:

- Josu Urrutikoetxearen eskubide guztiak bermatu behar dira, giza eskubideak eta juridikoak, epaiketa bidezkoa izango duela ziurtatuta, eta hori zaila izango da horren politizatuta dagoen espainiar justiziaren esku uzten bada. Gogoratu behar da 90. hamarkadaren amaieran libre geratu zela Urrutikoetxea, ondoren Euskal Herritik ihes egin –egin zitzaizkion salaketak larriak zirela egia da; Auzitegi Nazionaleko ingeniaritza judizialak eraikitakoak ziruditela bezain egia- eta ETAren desegitea bultzatzeko lan egin du.

- Etsigarria da Estatu espainolak (egun PSOEren esku, beste batzuetan PPk egin du) ETA hauteskunde kanpainan sartu duela ikustea, gerora iraunkorra izan zen su etenetik zortzi urte eta erdi eta desegin zenetik urtebete pasa direnean. Berriro ere, PSOEk Katalunia eta Euskal Herriko gatazka politikoei elkarrizketan oinarritutako konponbideak eman beharrean atzera begira eta errepresioaren aldeko hautua zergatik egiten duen galdetu beharra dago.

- Biktima guztien eskubideekin konpromisotik abiatuta, ETAk sortutako biktimek dituztenak kasu honetan, Urrutikoetxearen eskubideak ez dira Euskal Herrian eta estatuetan biolentzia pairatu duten pertsonenek dituztenekin bateraezinak. Hala ere, eta ikuspuntu guztietatik, ETA behin betiko desagertu eta urtebetera atxiloketak egotea Madril eta Parisek duten estrategiaren porrotaren adierazlea da, ez bakarrik ETAren asmoekiko baizik eta, batez ere, euskal gizartearen nahiekiko estrategiaren porrota. Gaur berriro ere, parte batek, Espainiar Estatua, gai teknikoei (armak, bakea, iheslariak,…) buruzko negoziaketarik egin nahi ez duen bake prozesua erabat ezohizkoa dela adierazi behar da.

- Premiazkoa da Espainiar eta Frantziako gobernuak, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko exekutiboak eta gizarte eragileak barne bilduko duen alde anitzeko prozesua martxan jartzea, Euskal Herriak pairatu duen gatazka luzeak utzitako arazo teknikoak konpontzeko biktima guztiak eta giza eskubideak errespetatuz eta egia eta elkarbizitzarekin konpromisoan oinarrituta. Gatazka politikoaren konponketa euskal gizartea eta bere ordezkarien esku dago. Bakea zorrozten jarraituko dugu.