Pello Urizar, EAko idazkari Naguasiak, eta Ikerne Badiolak, Komunikazio Arduradunak,Alterenatiba eta Ezker Abertzalearekin batera proposamen bat aurkeztu diote PNV eta Aralareri azaroaren 20an burutuko diren Hauteskunde Orokorretan batera aurkeztu daitezen.

Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba alderdi politikoek euskal gizartearen aurrean hausnarketa egin eta proposamen bat luzatu nahi dute datorren azaroaren 20ari begira espainiar Estatuan zabaldu den hauteskunde prozesuaren inguruan. Azaroaren 20ª data seinalatua da, gainera, gure herrian frankismoaren eta faxismoaren aurkako borrokan eduki sinboliko eta errebindikatibo handikoa.

Proposamen hau egiten dugun alderdiontzat hauteskunde orokor hauek aukera bat dira Euskal Herrian zabaldutako fase politiko berrian sakontzeko eta, ondorioz, bake eta konponbide demokratikoen prozesua itzulezina bilakarazi eta, era berean, posizio soberanista eta independentistetatik aldaketa politiko eta sozialean aurrera egitea ekarriko duen atxikimendu soziala eta eztabaida politikoa sendotzeko.

Guretzat, independentista gisa, soberanista gisa, hauteskunde hauetan Euskal Herria eta Estatu espainiarraren artekoa izango da konfrontazio politikorako ardatz nagusia, alegia, eremu batean eta bestean gizarteak hartzen dituzten erabaki demokratikoen errespetuan elkarrekin bizi behar duten bi subjektu nazionalak modu argi batean kokatzeko aukera izango da. Ondorioz, hauteskunde hauek aukera bat dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon eta emakumeak Madril eta Europarekin beren barne zein kanpo harremanak zein izan behar duten erabakitzeko orduan subjektu politikoa direla exijitzeko.

Hausnarketa eta ezaugarritze honi jarraikiz, hauteskunde orokor hauek eskaintzen diguten eremu elektoralean aliantza berri bat eraikitzeko apustua egiten dugu. Aliantza honek aukera eman behar digu herri baten erreferentzia gisa aurkezteko, herri honentzat onarpena eta eskubideak exijituz eta eskubide hauen lorpenari begira soilik bide politiko eta baketsuaren aldeko hautua eginez.

Une historiko honetan altu eta ozen esan behar dugu Espainian indarrean den eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean, badela euskal nazio bat, bere etorkizunaren jabe izan nahi duena, bake eszenario bat eskatzen duena, bere onarpena eta soluzio demokratikoak eskatzen dituena, Europaren baitan nortasun instituzional propioa izan nahi duena, Europan Estatu bat izan nahi duena herritarrek hala erabakitzen badute demokratikoki, bere aldarrikapen nazionala pertsonengan oinarritutako eredu sozial batekin txertatu nahi duena, justizia eta demokrazia sozialean oinarritua, merkatuen inposizioaren aurrean errebeldia erakutsiz.

Guk pentsatu dugunaren arabera, aliantza honek aukera eskaini behar die Euskal Herria nazio bat dela eta bere etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea duela ontzat ematen duten kultura politiko guztiei modu eroso batean elkartzeko.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako aliantza berri honen oinarrizko edukiak hauek lirateke:

-Normalizazio politikoa -bake eta konponbide demokratikorako prozesua-: Gatazka behin betirako eta modu egonkor batean gainditzea ekarriko duen akordio demokratikoa lortzeari begira elkarrizketa eta negoziazio prozesua bultzatzea da gure xedea, euskal nazioaren onarpena eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko dagokion eskubide legitimoa oinarri hartuta, beti ere indarrean den egoera juridiko eta politikotik abiatuta.

-Eskubide demokratiko nazionalak dagozkion Euskal Herriaren onarpena eta exijentzia.

-Subjektu nazional honen defentsa, “Euskal Herriak du hitza eta erabakia” printzipioari jarraikiz. Hau da, etorkizuneko estatus juridiko eta instituzionala zehazteari begira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon eta emakumeen borondate demokratikoa errespetatzeko exijentzia politikoa.

-Erabakitzeko eskubidea dimentsio integral kokatzea, proiektu nazionala proiektu ekonomiko eta sozial demokratikoaren sinonimo gisa aurkeztuz euskal gizartearen aurrean. Alegia, sozialki bidezkoa eta demokratikoa izango den gizartea egituratzeko proiektu nazionala. Zentzu honetan, Lan Harremanetarako Euskal Markoa exijitzen dugu, zeinaren bitartez euskal instituzioek eta agente ekonomiko eta sozialek eskura izango dituzten enplegu politika eta babes sozial burujabeari begirako konpetentzia juridiko eta bitartekoak.

-Eredu alternatibo berri baten aldeko gure apustu internazionalistan aurrera egiteak berarekin dakar herrien eskubideetan oinarrituriko europar proiektua sustatzea, merkatuen inposizioari aurre eginez eta Europa demokratiko eta sozialaren aldeko jarrera garbia azalduz. Zentzu honetan, soilik espekulatzaile ekonomiko eta finantzarioek sortutako krisi ekonomikoari erantzuneko indarrean jarritako politika ekonomikoak errefusatzen ditugu, langileen eskubide ekonomiko eta sozialak murriztea dakartzatelako.

Proposamen hau eta bere edukiak PNV eta Aralar alderdiei aurkeztuko zaizkie eta ezagutzera emango zaie euskal agente sindikal eta sozialei.

Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna eta Alternatibak norabide honetan urratsak emateko garaia dela ulertzen dugu. Ezin diegu hauteskunde hauei beste zita bat gehiago bailitzan aurre egin. Beraz, gainerako alderdi politikoei eskuzabaltasunez eta anbizioz hausnartu dezaten eskatzen diegu, herri gisa pentsatuz eta alderdi interes partikularretatik kanpora. Gizarteak, gure iritziz, hauxe da une historiko honetan eskatzen diguna.

2011ko abuztuaren 05ean

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna