Euskal portuetarako kudeaketa publiko eta zuzena aldarrikatu du EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko kidea den Maider Otamendik gaurko Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Bere taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko portuen eta itsas garraioarena lege-proiektuari egindako osoko emendakina defendatu du Otamendik.

Hasteko, euskal titularitatea duten portuak arautuko duen Lege integrala beharrezkoa dela esan du legebiltzarkideak, eta Estatuaren esku (Pasaia eta Bilbo) jarraitzen dutenen eskumena transferitzea aldarrikatu. Zentzu honetan, Pasaia eta Bilboko portuak Estatuaren eskuduntza izateak “bere garapenean eragin handia duela eta euskal ekonomiaren baldintzatu” egiten duela adierazi du.

EAJ-PSE Gobernuak idatzitako Legeak zuzenbide pribatuko erakunde publiko baten esku uzten du portuen aisia eta kirol arloak, itsasaldeko udal, sindikatu, kaietako langile eta txosten juridikoek diotenaren aurka. Guzti horiek formula hori ez dela egokiena diote, Otamendik azaldu duenez.

EH Bildurentzat kudeaketa publiko eta zuzena da egokiagoa, eta EAJ-PSEk proposatutakoak pribatizazioari ateak zabaltzeaz gain, publikoa baino malguagoa den zuzenbide pribatua baliatzen du gai publikoen kudeaketarako.

Legearen tramiteak aurrera darrai, Otamendik defendatu duen osoko emendakina atzera bota dutelako. Gauzak horrela, koalizioak Legearen testua hobetzen saiatuko da emendakin partzialen bidez.