Gizarte Segurantzaren inguruan duen planteamenduari buruz galdetu dio Leire Pinedok Eusko Jaurlaritzari, eta zehatzago, zer neurri proposatzen dituen daukan defizitari aurre egiteko. Horrela, kalean dagoen kezka Legebiltzarrera eraman du Pinedok. EH Bilduko legebiltzarkidea eta eakideak gogoratu du Ongizate publiko indartsu baten zentralitatea daukala Gizarte Segurantzak; horregatik euskal pentsio sistema publikoa eraikitzearen alde egin du eta Segurantza Sozialaren eskuduntzaren transferentzia exijitu.

Gizarte Segurantzaren eskuduntza 38 urte daramala transferitu gabe gogoratu dio Pinedok Pedro Aspiazu, Ekonomia eta Ogasun sailburuari, “horietan zehar Estatuak, Auzitegi Konstituzionala buru, hori mugatzen aritu dira, Konstituzioa eta Estatutua baino haratago joanez”.

Pentsionistek azken hilabeteetan egindako mobilizazioak aipatu ditu Pinedok, eta pentsio sistema publikoa mantentzea ez dela “oraingo pentsiodunen kezka bakarrik, gizarte osoa dago kezkatuta”.

Estatuan bost miloi pentsiodunek jasotzen dute LGS baino gutxiagoko pentsioa, legebiltzarkideak azaldu duenez, baina “hemen, EAEn, egoera berdinean dauden 192.000 lagun daude, eta gero eta gehiago dira pobrezian bizi diren pentsiodunak”.