Zerga politikaren erreforma aurrerakoi baten beharra berretsi du Ikerne Badiolak.

Lehendakariak, hiru diputatu nagusiek eta Eudeleko presidenteak atzo egindako bilera etsigarria izan zela salatu du Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak, “akordio zehatzik lortu ez zutelako eta egun oraindik ez dakigulako nola aplikatuko diren EAEn defizit publikoa murrizteko espainiar Gobernuaren neurriak”.

Diputatu nagusiek zerga politika erreformatzeari uko egitea kritikatu du EAko agintariak, “neurri hori funtsezkoa baita Ongizate Estatua bermatzeko”. Ildo horri jarraituz, sistema aurrerakoi baten alde egin du Badiolak, zergen bidez bildutako diru-kopuruan lan-errenten pisua murrizteko eta, ordea, kapital-errenten eta Jarduera Ekonomikoen gaineko presioa areagotzeko. Halaber, erreforma fiskalaren aldeko bere apustua benetakoa ez izatea leporatu dio Patxi Lopezi, “bere proposamenak adabakiak baino ez direlako eta krisi ekonomikoa gainditzeko konponbide eraginkorrak ematen ez dituztelako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna