Igande honetan, apirilak 12a, ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deia egiten du Eusko Alkartasunak, independentistentzat erronka handia dela aitortuta, aurrekaririk ez duen krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren testuinguruan ospatuko delako.

Euskal Aberria aldarrikatzeko egunean, “Aberri Eguna Batera” mugimendu herritarrak antolatutako ekimenetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak Eusko Alkartasunak; hala nola balkoiak eta leihoak ikurriña eta Nafarroako banderekin janztea, eguerdiko 12:30etan minutu bateko isilunea egitea eta, ondoren, “Txoriak txori” kanta abestea.

Ekimen honekin bat egin nahi duten pertsona askok, ikurriña edo nafar banderarik etxean ez dutenak, irudimenari eragin beharko diote. Ahaleginak saria izango du: egoera larria gainditzeko borrokan ari den Euskal Herria ikustaraztea, covid-19ak hildako pertsonak gogoratzea, zaintzen gaituztenen lana eskertzea …

“Margotutako ikurriñak, globo gorri-zuri-berdeak, lorontziak, collageak… Edozein ikur ongietorria izango da”, esan du Eusko Alkartasunak, eta eakideek ekimenarekin bat egingo dutela gaineratu du: “Urtero bezala, baina motibazio handiagoarekin”.