Euskal Herriko hiritarrek kontsultatuak izateko eta askatasunean hartutako erabakia errespetatua izan dadin duten eskubidea aldarrikatu du Iban Asenjok gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduko batzarkidea eta EAko militantea den Asenjoren proposamenari baiezkoa emanez, Batzar Nagusiek igandean Gure Esku Dagok antolatuta egingo den giza katea eta gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen erabakia babestu dute.
Gure Esku Dago herri ekimenaren historia gogoratu du Iban Asenjok, duela bost urte sortu zenetik, eta Batzar Nagusiek eta Diputazioak berak elkarteak antolatutako ekitaldiak babestu dituztela azaldu.
Kanada, Eskozia, Faroe Uharteak edo Groenlandiako kasuak aipatu ditu Asenjok, eta “katalanek, euskaldunok, dugun arazoa da Espainiar estatuak ez duela jokatzen demokrazia helduek, modernoek jokatzen duten moduan” salatu.
Kateak ez du independentzia aldarrikatzen edo estatus politiko jakin baten alde ematen, gogoratu du batzarkideak, “oso oinarrizko gauza bat babestea nahi dugu: hemen herri bat dagoela, heldua dela, ahaldunduta dagoela eta alderdion baimenarekin ala gabe, inongo gidaritza alderdikoirik gabe, hitza hartu nahi duela onartzea”.
EH Bildu eta EAJren botoekin atera da aurrera ekimena. Podemosek ez du giza katea babestu eta hori, demokraziaren aldeko aukera galtzea dela deritzo Asenjok.