Unai Ziarreta alderdiko presidenteak azpimarratu duenez, “Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak zazpi lurraldez osatutako herri bat garela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula” jaso behar du.
Eusko Alkartasunak Batzar Nazionala egin zuen atzo Gasteizen, hauteskunde orokorretan Kongresuan zuten diputatu bakarra galdu ondoren egin duten lehena. Emaitza “txarrak” onartu zituzten eta datozen hilabeteetarako erronka politikoak finkatuko dituen egitasmoa aztertu zuten. Exekutibak burututako plana idazkaritza bakoitzaren kudeaketa-egitasmoarekin amaituko da, hurrengo Batzar Nazionalean.

Unai Ziarreta EAko presidenteak argi azpimarratu zuenez, “Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak zazpi lurraldez osatutako herri bat garela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula” jaso behar du.

Batzar Nazionalak etorkizuneko erronkei buruz Exekutibak aurkeztu zuen proposamena aztertu zuen. “Euskal Herriko gizartearekiko konpromiso” moduan definitu zuten txostena.

EAk hauteskunde orokorretan emaitza “txarrak” izan zituela onartu ondoren, alderdiko Exekutiba erabat ziur agertu zen “udal-hauteskundeetatik inkestek agertzen zuten joera” berreskuratuko dutela.

Eskozia, eredu

Hauteskunde-autonomikoetan “abertzaletasun moderno” baten alde egingo dutela jakinarazi zuen EAren presidenteak. Hala ere, “abertzaletasun moderno” horrekin ez zaiela “alderdi independista baten oinarriei uko egingo” azaldu du.

Horren harira, Ziarretak adierazi du Eskoziara begiratzen duela “berriro” EAk. Haren hitzetan, “Europan, herritarren eskariari aurre egiteko bide eraginkor moduan independentziaren aldeko apustua egiten duten bitartean, ez dauka zentzurik Euskal Herrian atzera egitea aldarrikapen horretan”.

Hala, EAk ohartarazi zuen ez duela onartuko Katalunian egin zen estatutu-erreformaren antzekorik onartuko eta argi adierazi zuen: “Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak zazpi lurraldez osatutako herri bat garela eta geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula jaso behar du”.
Jatorria: Unai Ziarreta