Martin Aranburu, eusko legebiltzarkidea
Euskal Herriko gatazka Irlandakoarekin parekatzeko joera dugu, han ematen diren baldintza politikoak hemen ezagutzen ditugunekin antzekotasun handiak zituztelakoan. Aldekotasun horren zuzentasuna debatitzeko asmoa ez darabilkit buruan gaurkoan, baizik eta bestelako hausnarketa bat, Euskal Herrian gerta litekeen balkanizazioa alegia.

Finean Euskal Herriko arazo politikoa nortasun arazo bat baita. Nortasun politiko arazo bat. Norbere burua espainiartzat eta frantziartzat jotzen dutenak egon badaude, baina era berean ukaezina da norbere burua soilik euskalduntzat jotzen dugunak ere egon bagaudela. Gerta liteke nazio kontzeptzio batzuek beren estatu propioa izatea, eta era berean gerta liteke beste batzuk propioak ez diren beste nortasun politiko batzuetan murgildurik geratzea. Errealitate honekin, estatuek nahitaez egin beharreko hautu bat dute pare-parean: estatuarekin bat datorren nortasun politikoa ukatu ala onartu.

Errespetu kasuan formula anitz daude nortasun politiko desberdinek elkarri errespetua frogatu diezaioten, beti ere baldintza sinple batetan oinarrituz: desberdinaren errespetua eta desberdinaren erabakitze ahalmenaren onarpena gauza bera dira. Hortik abiatuta, komunitate politiko desberdindu batek erabaki asko har ditzake: Estatuan txertatzea federalismoan, konfederalismoan, autonomian, zentralismoan edo estatu berezitasunean oinarrituz, edo estatutik at proiektu propioari ekitea. Edozein aukera da posible, baina denek dute abiapuntu bera: nortasun politiko desberdinduen onarpen.

Ukazioa da beste aukera. Hau da, herri batek bere estatuan nortasun politiko bakarra egoteari irmo eustea. Hau arazo larria izan ohi da estatuentzat askotan: ukatua sentitzen den komunitatea errekonozimenduaren aldeko norgehiagoka politikoak abiaraztea. Norgehiagoka horiek batzuetan militar itxura ere hartu dute, eta kasu zailenetan borroka militar hutsean transformatu dira. Balkanetan, azaldutako hiru aukeretatik azkena nagusitu zen. Serbiarrak, kroaziarrak eta bosniarrak bestearen nazio identitate sentimen- duari muzin eginez komunitate arteko gatazka militar odoltsuak abiarazi zituzten. Eta nire ustez guk kontuan hartu beharrekoa ez da gerraren eta garbiketa etnikoaren konstatazio objektiboa, baizik eta militarismoaren nagusitasuna suposatu zuen dinamika militaristazale itsua. Beste komunitatearen eskubi- deen ukazioa, komunitate desberdinen arteko distantziak gutxitu baino erakartzen dituen hedabideen jarrera, jarrera polizial eta militarzaleen pixkanakako nagusitasuna eta justifikazio publikoa… honen guztiaren berri izan zuten Balkanetan, eta honen guztiaren berri izaten hasiak gara hemen. Baikortasunak eta ezkortasunak alde batera utzita, merezi du honen gainean apur bat pentsatzea.

Jatorria: Martin Aranburu