Negoziazioa eta adostasuna dira Kataluniako, eta ondorioz Euskal Herriko, gatazka politikoak konpontzeko gakoak, Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez. EH Bilduk Kataluniako preso politikoen berehalako askatasuna aldarrikatzeko mozioa aurkeztu du gaurko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eta koalizioaren eta EAJren botoekin onartu da testua, Elkarrekin Podemos abstenitu eta PP-PSEk kontra bozkatu duten bitartean.

Estaturik gabeko herrien eskubideak errespetatuak izan arte gatazka politikoak iraungo duela azpimarratu du Urizarrek, eta “konponbidea ez da sekula bortxa bidezko inposizioa izango”. Kataluniako indar politikoek, hiritarren babesa eta bultzadarekin, martxan jarritako prozesu politiko baketsu eta demokratikoaren aurrean, “Espainiar Estatuak polizia, judikatura eta espetxea erabiltzea erabaki du, bere esku duen biolentzia guztiak”, salatu du EAko idazkari nagusiak. “Bide politikoetatik erabakitakoa eta judizialetik urratutakoa berriz ere bide politikara” bideratzeko eskatu du.

Munduan zehar eman diren beste subiranotasun prozesuak ekarri ditu gogora Urizarrek eta XXI. mendean “bizikidetza adostasunean eta borondatean” oinarritu beharko litzatekeela azpimarratu du, “baina batzuentzat inposizioa da jokaleku bakarra”. Zentzu horretan, autogobernu ponentzian dagoen adostasuna balioan jarri du eta “norabide argia finkatzen” duela esan: “berdinen arteko erlazioa eta errespetuzkoa, bizikidetza ezin delako beste modu batetara eraiki, bizikidetza ezin daitekeelako inposatu”.

Onartu den testua:

1. Eusko Legebiltzarrak, Kataluniak espainiar Estatuarekin mantentzen duen gatazkak oinarri politikoa duela adierazten du, eta zentzu horretan, ordezkari politiko eta sozialen aurka zuzendutako prozesu judizialak konponbidea zaildu egiten duela adierazten du.
2. Eusko Legebiltzarrak, Kataluniako ordezkari politiko eta sozialen aurkako prozesu judiziala eten eta espetxetik kaleratzea eskatzen du.
3. Eusko Legebiltzarrak, espainiar Estatuan dauden herri eta nazioen eskubideak errespetatu behar direla adierazten du, eta bide demokratiko eta baketsuen bitartez proiektu politiko guztiak garatzea zilegia dela adierazten du.