Selekzio nazionalen ofizialtasuna, parekidetasuna eta euskera izango dira jai giroko aldarrikapenaren ardatzak.

Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko partidaren inguruko jaiak uztartzen dituen hiru aldarrikapenekin bat egiten dute Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak. Euskal selekzio propioa, euskara eta berdintasuna izango dira Anoeta estadioan ikusiko diren aldarrikapenaren hiru ardatzak eta 100% beraiekin bat egiten dugu.
Euskal Herria nazioarteko lehiaketa ofizialetan ordezkaritza izateko eskubidea duen nazioa da. Hala ere, Estatu espainiar zein frantsesaren ezetzak, eskubide hau galarazten dute, gure kirolariei gainerako nazioekin baldintza berdinetan lehiatzea baimenduko lukeena. Euskal gizartearen gehiengoaren babes osoa dauka euskal selekzioak eta borondate horrek jartzen diren mugekin talka egiten du.

Selekzio nazionala izateko bi baldintza baino ez dira bete behar: nahi izatea eta nazioarteko federazioaren onarpena. Hala ere, Euskal Herriaren kasuan hirugarren baldintza bat gehitzen zaio: Madril eta Parisen boikota.

Hamaika dira adibideak, futbolaz bakarrik hitz egiten FIFAko kideak dira hainbat estaturik gabeko nazio: Eskozia, Gales, Feroe irlak adibidez. Hauek eta beste asko nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzen dute. Euskal Herriari ukatzen zaion eskubidea.
Larunbatean Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko partidan gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna ere aldarrikatuko da. Eta hori behar beharrezkoa da, are gehiago futbola bezala gizonezkoen eremu tradizionala izan den horretan. Horregatik, horrelako ekimenak emakumezkoen kirolari bultzada emateko balio dutela uste dugu.

Gehiegitan emaitza ekonomikoek baldintzatzen duten arloan, parekidetasuna bultzatzeko ekimenak beharrezkoak direla azpimarratzen dugu.

Eta azkenik, larunbatean Anoetan euskararen aldeko aldarrikapena ere egingo dugu, gure helburua gure hizkuntza gizartearen arlo guztietan ikustea delako: familiartekoa, hezkuntza, lan arloan, aisialdian eta kiroletan.

Larunbatean Euskal Herriko selekzioak partida irabazten badu, poz handiagoa izango dugula baina, Hamaika Gararen deialdiak esaten duen bezala, gakoa ez da irabaztea ala galtzea, baizik eta Anoetan gizarteak euskal selekzio nazionalak, parekidetasuna eta euskara babesten duela islatzea baizik. Horixe izango da garaipenik onena. Horregatik, partida ikustera joateko eta goizetik Donostian egongo den jai giroko egitarauarekin parte hartzeko deia egiten diogu euskal gizarteari.

Jatorria: Eusko Alkartasuna