Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko ekimena babestu du
EH Bilduk

Euskal erakundeek memoria historikoaren arloan egindako lana defendatu du Idurre Bideguren, EH Bilduko senataria eta Bermeoko alkate ohiak gaur Senatuan. Gasteiz eta Iruñako parlamentu eta Gasteiz, Bermeo, Elgeta edo Bergarako udalen jarduna eredugarria izan da bere ustez, arlo horretan lan egiten duten zenbait elkarteetakoa edo Eusko Alkartasuna bezalako alderdiena bezala. Besteak beste Memoria Historikoaren Legea aldatzeko eskatzen duen PSOEren ekimena babestu du EH Bilduk, ezadostasunen gainetik, “biktima guztiei merezi duten egia, justizia eta konponketa eskaintzea premiazkoa delako, baita denbora luzez ahaztuak izan direnen memoria errekuperatzea ere”.

Frankismoaren biktimak dignifikatzeko Euskal Herrian erakundeek zein elkarteek egin dituzten ahaleginak balorean jarri ditu senatariak, eta PSOEk horien aurrean jarrera “oztopatzailea” izan duela. Servini epaile argentinarrak eskainitako aukeraren aurrean ezezkoa eman izana gogoratu du Bidegurenek.

Hala ere, mozioa onartzearen alde bozkatu du EH Bilduk, ulertezina den egoerarekin amaitzeko: “2019. urtean frankismoaren biktimek NBEak aitortzen duen egia, justizia eta konponketaren eskubidea ez izatea; Espainiako gobernuen bazterkeria, ahanztura eta bidegabekeria pairatzen jarraitzea, eta lehenengo eta bigarren mailako biktimak egotea oraindik”.