Scottish National Partyko Alyn Smith izendatu dute ALE talde parlamentarioko presidente Europar Parlamentuan.

2004tik izan da europarlamentari Alyn Smith. 15 urte daramatza SNPko ordezkari gisa Bruselan, eta Kanpo Harremanetarako batzordeko kide izan da urte luzez. Horretaz gain, alderdi zein estatu ezberdinetako kideak euskal gatazka politikoaren konponketan batzen zituen “Basque Friendship Group”- eko kide izan da urte guztiotan, eta askotan izan da Euskal Herrian bake prozesu ezberdinak bultzatzen. Eusko Alkartasunako kide, lan amankomun asko egin du SNPko ordezkariak EArekin, hala nola arrantzan eta nekazaritzan, baina batez ere autodeterminazio eskubidea europar agendan egon dadin.

Alyn Smithek aurreko presidente Josep Maria Terricabras Esquerra Republicanako kidea ordezkatuko du ALEko talde parlamentarioaren buruan.

Aliantza Libre Europarra (ALE) Europako alderdi independentista eta autonomistak barnebiltzen ditu, eta Eusko Alkartasunako kide Lorena Lopez de Lacalle du buru. ALEk Berdeekin batera lan egiten du Europarlamentuan 1999tik. Talde honek 75 kide izango ditu hastear den legegintzaldian, ganberako laugarren handiena.

Alyn Smith europarlamentariaren hitzetan:
“Ohorea da niretzako Eskoziak eta Galesek bizi duten une honetan -Brexitaren afera- nigan jarri izana konfiantza. Eskozia europar nazioa da, eta argi eta garbi erakutsi du hori bai erreferendumean, baita europar hauteskundeetan ere. Europako hainbeste estatu gabeko nazioen ordezkari izatea, eta era berean estatuen artean gure ahotsa eta erabakitze grina azaleraztea izango dira nire helburu nagusiak, hau autodeterminazio eskubidearen legegintzaldia izan dadin lan egingo dugu”.