Juanjo Agirrezabalak EITBko zuzendari nagusiak musika-taldearekin hitzartuta zegoen elkarrizketa bertan behera uzteko arrazoiak azal ditzala eskatu du. EAko legebiltzarkidearen esanetan, “dispertsioaren aurkako pin bat eramateagatik ETBn agertzea debekatzea No-Doren garaiko jokaera da”.

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Legebiltzarrean azaldu beharko du zergatik erabaki zuen herenegun ETB-1eko ‘Arratsaldero’ saioko zuzendaritzak Siroka musika-taldeko bi kiderekin elkarrizketa bat bertan behera uztea. Juanjo Agirrezabalak Surio EITBren Kontrolerako Batzordean ager dadila eskatu du, Sirokak euskal presoen dispertsioaren aurkako pin bat soinean jarrita eramateagatik zentsuratua izan zela salatu eta gero.

EAko legebiltzarkideak adierazi duenez, “euskal presoek zigorra Euskal Herrian betetzeko duten eskubidea aldarrikatzea erabat zilegi eta demokratikoa da eta, beraz, ez da batere onargarria ETBk elkarrizketa bat bertan behera uztea elkarriztatuek dispertsioaren aurkako txapa bat eramateagatik. Hori no-doren garaiko jokaera da, eta ez telebista demokratiko batena, eta agerian uzten du PSEk eta PPk EITB politikoki erabiltzen dutela haien ikuspegi politikoa kolokan jartzen duen edozer ezkutatzeko, horrek telebista publikoa euskal gizartearengandik gero eta gehiago urrundu arren”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna