Elkarrizketa ARGIA astekarian Arrasate, 1959. Zuzenbide eta enpresa ikasketak eginak ditu. Eusko Alkartasuneko kidea. EAEko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua da. Ekologistek inoiz bere gestioari egindako kritika aipatu diogu: «Kritika oso ondo ulertzen dut, baita nik egindakoaren aurka bada ere. Harrigarria kritikarik eza litzateke. Administrazioan ari naiz, eta erakundeek -udalek nahiz diputazioek, besteak beste- hartzen dituzten erabaki guztiak ez daude ere nire esku, ez naiz munduaren begiralea».

Ingurumen gaiari ekin aitzin, Eusko Jaurlaritzaren azken prentsaurrekoaren -bake eta normalizazio politikoaz- argazkia hizpide hasi gara solasean Esther Larrañaga sailburuarekin: Miren Azkarate eta Ana Agirre sailburuak eta bera ageri ziren bertan…: «Duela urte gutxi arte irudi hori pentsaezina zen» adierazi digu pozarren.

Eusko Jaurlaritzan biltzeko asmoa genuen, goizeko 11:00etan. Sailburua Irungo Alarde mistoa sostengatzera joateak hitzordua aldarazi digu. Irunen ari gara beraz, goizeko 8:00retan.

Alarde mistoak hamar urte bete ditu… «eta hemen gaude. Oraindik ere Alardearen inguruko gatazka gogorra baita. Tira, hasieran emakumearen parte-hartzearen eskubidea aldarrikatzeko ekimenetan askoz gutxiago ginen. Bien bitartean, Irun eta Hondarribiko alderdi politikoek ez dute auzia kudeatzen jakin. Ez da behar den aldaketa izan eta horren ardura alderdi gehienena da. Noski, herritar gehiengoa Alarde tradizionalaren alde dagoela aitortu behar da, hauteskunde interesak ere badirela ahaztu gabe. Eskubide baten aldarrikapenaz ari garela gogoratu behar da hala ere. Legeak lege, errealitateak borrokatzen segitzea eskatzen du».
Urtea bete da Esther Larrañagak Ingurumen Sailaren ardura hartu zuenetik. Erreforma handia prestatuko zuela zabaldu zen han-hemenka. Hortik beretik ekin diogu elkarrizketari.

Urte bat bete duzu karguan, zer balorazio egiten duzu egindakoaz?

Balantzea ona da, zenbait gai eta zeregin bete dugu dagoeneko. Hasteko ordea, taldearen garrantzia azpimarratu nahi dut, taldea berebiziko lanabesa da niretzat. Adin guztietako jendea ari gara, gaztea zein zaildua, emakumeak nahiz gizonak, talde mistoa da. Pozik nago, herriarekin konpromisoa duen jende gaztea dator, indarrez eta ondo formatua. Ohorea da beraiekin aritzea.

Legebiltzarrean onartu berri duzuen uraren legea aipatzea nahi nuke jarraian.

EAEko uraren legea 1994tik datorren ekimena da. Hainbat gobernu aritu ondoren, legea urtebetean gauzatu dugu. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko Euskal Bulegoa osatu dugu eta lantzen ari garen plana partaidetza zabalarekin burutu nahi dugu. Hau da, herriko hainbat sektorek, uraren gaian hartu beharreko ardura bere gain hartu du eta hori funtsezko urratsa da.

Legea egiteko Europako arteztaraua -direktiba- nahiz Espainiako Uraren Legea kontuan hartu dituzue. Sakondu hori, arren.

Legeak hiru helburu bete ditu: lehenbizikoa, Europako Parlamentuan 2000. urtean onartutako arteztarauaren kontzeptu berriak hartzea. Lege horren kontzeptuak aurrerakoienak dira eta euren kudeaketa sistema gure legean barneratzea lortu dugu. Ura gai konplexu bezala hartua da, ekosistema konplexu eta hauskor baten barruan. Ezaugarri horiek bere egin ditugu legearen barnean. Bigarrenik, legearen bidez administrazio eraginkorra osatu nahi dugu. Euskal Agentzia eratu dugu, herri honetan behar genuen lanabesa izaki. Sektorean erakunde asko ari zen, koherentzia gutxirekin. Beraren bitartez erakundeen, uraren erabiltzaileen, baita ekologisten partaidetza finkatu nahi dugu, unibertsitatearen parte-hartze oso estimagarria dugularik. Planifikazio hidrologiko eraginkorra eta iraunkorra lortu nahi dugu. Hirugarrenik, uraren kostua barneratu beharra dago. Osatu dugun kanonak badu helburu bat: gehiegizko erabilera ordaintzea. Horretarako gaiaren bi ezaugarri kontuan izan ditugu: ura herritar ororen eskubidea da, baina ondasun mugatua ere bai.

Hona legea onartzean oposizioko taldeek esanak: ´Legea motz geratu da ia guztian; ur guneen babeserako neurri gehiago behar dira´ (Aralar). ´Uraren gaineko zerga birritan kobratu nahi du Jaurlaritzak´ (PP). ´Legea interes ekonomikoaren menpe dago: nekazariak eta norbanakoak jomugan ditu´ EHAKren EAB izeneko talde parlamentarioa.

Legea alderdi guztiekin lantzen eta adosten saiatu gara. Bi oztopo nagusi izan ditugu ordea, PP eta EABrekin bereziki -ez ditut jarrera biak parekatu nahi-. Osoko zuzenketan ageri bezala, euren eta gure jarrerak erabat ezberdinak dira. Agentzia ez zuten ondo ikusten, uraren eskuduntza Diputazioarena izatea eskatu zuten. PPrengandik espero nuen, foralistak baitira. Harrigarria EABk hori eskatzea da. PPren esanetan, Jaurlaritzak ura nolanahika kobratu nahi du. Guk baina, bitarteko ekonomikoak egoki erabiltzea nahi dugu, natur baliabideek kostua dute eta. Europako arteztarauak argi azaltzen duenez, mundu honetan denak dauka balio ekonomikoa eta kanona ere baliagarria da ur kontsumo maila murrizteko. Kanon sinbolikoa izango da noski, helburua ez baita diru sarrera handiak egitea, kostu guztiak integratu eta erabilera eraginkorragoa eta arduratsuagoa bermatzea baizik.

Aldaketa klimatikoa aipatu duzu arestian. Bere aurkako plana bermatzeko Kiotoko protokoloa sinatu zen. Gas (CO2) emisioen datuak kezkagarriak dira hala ere.

Hasteko argipen bat: EAEk ez du Kiotoko helburuak bete beharrik, protokoloak ezartzen dituen helburuak estatuentzat dira. Hala ere, gaia kezkagarria da eta gure Sailaren lehentasunik handiena da. Gure xedea Kiotoko protokoloa betetzea da, oraingoz baina, Estatua ez garenez, gaia ez dagokigu legez.

Ingurumenaz gogoetatzean akats bat egiten da, ingurumen arazoak pobreziarekin eta demokrazia ezarekin lotu ohi dira, horrek ikuspegia desbideratzen du. Ingurumena, berez, planetako gai garrantzitsuenetakoa da. Hori esanda, EAEn egindako azken inbentarioaren arabera, nahiz eta gas emisioak, guztira, azken hiru urteotan orekatu diren, emisio zuzenak %45ean daude. Portzentaje horietan hiru sektore nagusi bereizi behar ditugu: energia, industria eta garraioa.

Emisioak emisio, errauste planten auzia gogortu da azkenaldion. Zer iritzi duzu?

Konbustio prozesu bat ematen denean beti emititzen da CO2, hori garbi dago. Errauste planten arazoa bere osotasunean hartu behar dugu ordea: gero eta hondakin gehiago sortzen dugu eta. Helburuak ekoizpena gutxitzea beharko luke. Egin ditugun azken azterketek hazkunde ekonomikoaren eta hondakinen ekoizpenaren arteko desakoplatze nabaria erakutsi digute. Sortzen ditugun hondakinak gehiegi dira, orduan, lehenbizi, plangintzek hondakinak berauek murriztera jo behar dute. EAEn jarrera ona da, hondakinen %30 birziklatzen dugu. Europako arteztarauek hori eskatzen dute, datu ona da baina ez da nahikoa. Birziklatzen ez dugunarekin zer egin eta nola egin da kontua. Hor dago koska.

Ingurumen osasuntsua eta errauste planten emisioak uztargarriak ote?

Europan ezarritako baldintza teknikoek errauste plantak jartzea ahalbidetzen dute. Ez dizut esango ingurumenean duten eragina «zero» denik, baina neurrian eta behar diren neurriak hartuta jartzen badira, lagun dezakete hondakinen arazoa konpontzen, areago hondakinen murrizketa, birziklatzea eta bereizketa suspertuz gero. Hondakinekin dugun arazo larria konpontzeko -bestela San Marcosen inguruan galdetu- hondakinak birziklatu, bereizi eta murriztea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Kontua da neurria topatzea, hau da, dugun arazo larri bat konpontzeko, arazo handiagoa ez sortzea. Neurria eta oreka dira gako.

Azpiegiturak hizpide orain. AHTk ingurumenaren iraunkortasuna bermatzen ote du? Nola egin aurre obrak ingurumenean egingo dituen inpaktuei?

Berriz ere, orekan dago koska. EAn nahiz Sailean kontziente gara AHTk ingurumenean izango duen eraginaz, hori ukaezina da, baina azpiegitura osotasunean ona izango da herri honentzat. Kontuan izan behar dugu, esaterako, garraioa dela CO2 gehien isurtzen duen sektorea, eta hau bezalako azpiegiturak arinduko lituzke, zalantzarik gabe, errepideen flujoak. Horrez gain, ez dezagun ahantz AHTk Europarekin lotzen gaituena.

Baina lur erabiltzaileek -baserritarrek- diotena ere kontuan hartu beharko da.

Hasteko, administrazioak informazio gardena eman behar du. Garraio eta Nekazaritza sailetan, lurrean izan daitezkeen inpaktuak gutxitzen ahalegintzen ari dira, baita plangintza aztertzen eta aldezten ere. Nekazaritzaren ustiaketan ez omen du eragin nabarmen edo gaindiezinik izango. Jakina, norberari tokatzen zaionean desberdina da, baina etxebizitzak, ospitaleak edo bestelakoak egiteko azpiegiturak egin behar direnean antzeko arazoak izaten dira. Garapen iraunkorrak iraunkorra behar du, baina aldi berean, herri moduan aurrera eraman behar gaitu, dimentsio sozialaren, ekonomikoaren eta ingurumenaren ikuspegitik.

Azkenik, egungo eredu ekonomiko liberalaren interesak eta ingurumenaren zaintza bateragarriak al dira?

Oreka oso zailak dira bizitzan, baita alor honetan ere. Gobernuan irizpide ezberdinak izaten ditugu, gu geureak lantzen eta aldezten saiatzen gara. Eredu ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko oreka lortu daitekeen itxaropen eta konfiantzarik ez banu, ez nintzateke sail honetako arduraduna izango. Zenbait kasutan zaila da, baina beste batzutan ekonomiaren eta ingurumenaren arteko interesen oreka lortzeko aukera dagoela uste dut. Ez dut erraza denik esango, inola ere, are gutxiago eraiki behar den guztia ekonomia liberalaren interesetik egin nahi bada. Baina ez dut uste gure herrian joera hori nagusia denik. Gure eredua ez da, esaterako, AEBetakoa, ezta gutxiagorik ere.

—————

«Jaizkibel ez ukitzea da nire nahia»

Ingurumen Saileko partaideek Pasaiako kanpoko portua egiteak Jaizkibelen eragin handia izan dezakeela adierazi dugu. Jaizkibel berebiziko ondarea da, naturala, beraz, gaia bere osotasunean aztertu behar da. Orain arteko azterketak -Jaurlaritzan, Merkatal Ganberan, Diputazioan- ekonomikoak izan dira soilik, Pasaiak eta bere inguruak bestelako lehentasunak ere baditu ordea. Hasteko, Madrilek oraindik ez ditu ordezkariak izendatu Jaizkibiari buruz, Pasaiaz erabakitzeko. Portuaz ari gara, baina Pasaiako etorkizunaren eredu orokorra ez da ondo aztertu. Azterketa globala egin behar dugu, eta aukera guztiak kontuan hartuta, Gipuzkoa osoko eragileak bildu eta ahots guztiak aditu. Partaide guztiei argi eta garbi azaldu behar zaie portua egitea zenbat kostatzen den, baita Jaizkibel hondatzea kosta litekeena ere. Baliabide naturalen balioa ezagutzen ikasi behar dugu eta horien kontuak ere ondo egin. Nire nahia Jaizkibel ez ukitzea da, baina erabakia ez da nire esku bakarrik. Edozein kasutan, ez da ikuspegi ekonomiko soila kontuan hartu behar dena; portua egiteko erabakia hartuko balitz, ez dadila izan inoren interesak asetzeko. Proiektua ondo landu eta aurkeztu behar da, denoi eztabaidatzeko aukera eman, denon artean aukera onena bila dezagun.

Jatorria: Esther Larrañaga