Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak bertara egindako bisitan denon altxorra eta aldi berean denon ardura den altxor hau babesteko beharraz ohartarazi du Aizkorri Aratz Natur Parkea izendatzeak eremu pribilegiatu hau babesteko berma bizkortu egiten du. Hala esan du Esther Larrañagak, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailburuak, atzo bertara egindako bisitaldian, non Gipuzkoa eta Arabako diputatuak ere egon ziren, inguruko udalerriko alkateekin batera. Lehendabiziko bisita da oraingo hau, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak joan den apirilaren 4an Aizkorri Aratz natur Parkea izendatzea ebatzi zuenetik.

San Adriango aterpetxean eginiko ekitaldian esan zuenez, aurrerapausu garrantzitsua da, aurrean daukagun bide luze eta neketsuan. Larrañagaren esanetan, ingurumena “denon altxorra da, eta aldi berean, denon ardura. Alabaina, ez gara gu altxor honen jabeak baizik eta maileguan jaso dugu. Bestela esanda: gaur geuk ezagutzeko eta gozatzeko dugun aukera, gure ondorengoek ere behar dute izan”.

Asmo horrekintxe jaio da, sailburuaren esanetan, Baliabide Naturalak antolatzeko egin dugun Plana: Inguru honetako barietate berezitasuna zaintzeko, hain zuzen, aldi berean, ekintza ekonomikoa eragiteko errekurtsoak piztuz; ondare kulturala berreskuratuz, eta paisaia eta ekologia hobekuntzarako proiektuak sustatuz.

Hala eta ere, hau guztia alperrik izango litzateke, gu guztion, herritar ororen, konpromisorik gabe. Zentzu horretan, erakundeen elkarlana eta zenbait pertsona nahiz talderen konpromisoa goraipatu zuen sailburuak. “Etorkizun iraunkorrago baten alde, aintzat hartzeko moduko aurrerapausua den Aizkorri Aratz Natur Parkea gaur errealitatea bada, gaur ere gurekin diren herritar eta elkarte zenbaiten lanaz nekaezinaz gain, lurralde, erakunde eta udalerri ezberdinen elkarlana eta lankidetzari esker izan da”.

Larrañagaren iritziz, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Partzoneria, Udalak, talde zientifikoak, ekologistak, lur-jabeak, sindikatoak, unibertsitatea, eta beste hainbeste sektorek osaturiko organo amankomunak, Parkearen kudeaketa bere kargu duena, hain justu, jomuga garbi bat dauka: 19.400 hektareako altxorra zaintzea. Eta horretarako, badu tresna eraginkor bat: Natur Baliabideak Antolatzeko Plana. Plan honen helburua biztanleriak baliabide naturalen erabilera antolatua egitea da, hartara, espezie eta ekosistema ezberdinen ustiapen iraunkorra, berriztapena, eta hobekuntza bermatuz. Parke honen gauzatzea 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiaren baitan kokatu behar da, bertan jasotzen diren xedeetako bat, hauxe baita: erkidegoaren natura eta biodibertsitatea babestu eta zaintzea.

Jatorria: Esther Larrañaga