Esther Larrañaga EAko Sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak behin betiko onartu duen Deba-Zumaia Biotopoak babes sendoa du, hiritarrek izan duten parte-hartze aktiboari esker

“Gaur egun handia da herri honetako bioaniztasunarentzat”. Horrela adierazi du gaur goizean Esther Larrañaga (EA) Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Deba eta Zumaia arteko itsasertza babestutako Biotopo izendatzeko egindako aurkezpen ofizialean. Joan den asteartean Eusko Jaurlaritzak izendapena onartu eta gero egin da aurkezpena. Biotopo honek geologia eta natur-balio handiak ditu, Haitzandi (Deba) eta Haitzabal (Zumaia) artean dago eta zortzi kilometroko luzera du.

Biotopoa babesteko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak dekretua bultzatu du, eta dekretu hori onartu egin du Eusko Jaurlaritzak. Aldi berean, Natura-balibideak Antolatzeko Plana (NBAP) onartu da. Plan hori beharrezkoa da eremuaren plangintza egin eta kudeatzeko, eta baita ingurune natural eta sozioekonomikoan sortzen diren aldaketei malgutasunez aurre egiteko ere.

Ezer baino lehen, Larrañak eskerrak eman dizkie Biotopoa onartu aurreko parte-hartze prozesuan lanean aritu diren gizabanako, talde eta instituzioei. Bere iritziz, parte-hartzea izan da “ingurumenaren babes sendoa ahalbidetu duena, inguruko herritarrek aktiboki hartu baitute parte erabakietan”.

EAko sailburuak azpimarratu duen moduan, Deba eta Zumaia arteko itsasertza, paisaia ikusgarria izateaz gain, Lurrak azken 50 milioi urteetan geologian, biologian eta kliman izan dituen aldaketen lekuko paregabea da.

Beraz, historiarik antzinakoenean murgiltzeko aukera ematen digu Biotopo honek, dinosauroen desagerpena bera barne, historiaurrean geologian, biologian eta kliman gertatu ziren aldaketa guztien aztarnak arakatuz. Larrañagaren arabera, Biotopoak balio handiko informazioa ematen du, eta are gehiago, kontuan izaten badugu mende honetako benetako erronka den arazoa hobeto ulertzeko oso erabilgarriak gerta dakizkigukeela datu horietako batzuk: klima-aldaketa eta horrek dituen ondorio larriak.

Inguru hau babestutako biotopo izendatzea gure Sailaren estrategia orokorraren zati bat da. Helburua, hain zuzen ere, EAEko natura-kapitala indartzea da: euskal ingurumen politikak hartutako ildo nagusietako bat. Zentzu honetan sailburuak gogorarazi du, gaur egun EAEko lurraldearen laurdena legezko figura juridikoren batek babestuta dagoela. Gaur aurkeztutako Deba-Zumaia biotopoa da horren adibide, baina baita Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzi parke naturalak edota Natura 2000 Sarea osatzen duten 57 eremuak ere. Sailburuak adierazi duenez, horietatik abiatuta, eta Natura 2000 Sareak iradokitzen duen filosofiaren ildotik, eremu horiek guztiak lotzea da etorkizuneko erronka.