Espainiar Konstituzioa “herrien borondateari muzin egiten dion inposizioan oinarritutako markoa da, derrigortutako elkarbizitza aukera bakartzat eskaintzen duena” dela esan du Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak.

Eusko Legebiltzarrak hurrengoa aldarrikatu du gaurkoan; Konstituzioak ez duela euskal jendartearen zilegitasunik, Urizarrek aurkeztu duen EH Bilduren ekimenean oinarrituta. Era berean, Konstituzioak ezartzen duen Espainiar Estatuaren batasuna inposatutakoa dela eta balizko erreformak erabakitzeko eskubidea kontutan hartu behar duela ere onartu du Legebiltzarrak EH Bildu eta EAJren botoekin. Izan ere, “hiru pertsonetatik bik errefusatu egin zuten inposatutako marko berri hura”, gogorarazi du Eusko Alkartasunako buruak.

“Konstituzioak Espainiaren batasuna aldarrikatzen du, bertako nazioen borondateari muzin eginez” argudiatu du EAko idazkari nagusiak, hori bermatzeko ardura indar armatuei eman zaiola azpimarratuz.

Konstituzioa idatzi eta onartutako testuingurua gogoratu du Urizarrek: 1978. urtea. Franco diktadoreak hiru urte zeramatzan hilda, baina frankismoa oso bizirik zirauen. Izan ere, Franco ohean hil zen, krimenengatik ordaindu gabe eta bera joan ondoren erregimena mantentzeko tresnak ondo lotuta”

Erregimenaren segida bermatzeko tresnen artean bi azpimarratu ditu EAko buruak: Espainiako Erret etxea eta auzitegi frankistak. “Auzitegi Konstituzionalari dagokio Konstituzioa interpretatzea eta ongi jakin izan du interpretazioa beti Estatuan dauden nazioen eskubideen aurka egiten”, esan du.

EH Bilduk “Euskal Errepublika” lemapean egingo den manifestazioa deitu du abenduaren 6rako, Konstituzio Egunerako. Bilbon izango da eta eguerdiko 12etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.

Hemen duzu Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran egindako hitzaldi osoa:

Espainiar konstituzioari buruz hitz egiten dugunean bi irakurketa nagusi egiten dira Euskal Herrian:

Bata, egindakoa legitimatzea bilatzen duena, PSEek bere zuzenketarekin egin nahi duen moduan: Desberdinen arteko adostasuna, askatasuna, demokrazia, ongizate handienaren garaia, etab. Besteak, Euskal Herrian gehienek egiten duguna, esan behar dut, egoeraren irakurketa askoz errealagoa egiten du. Jarri gaitezen orduko testuinguruari begiratzera, ondorio egokiak ateratzeko: 1978. urtea. Franco diktadoreak hiru urte zeramatzan hilda, baina frankismoa oso bizirik zirauen oraindik (40 urte geroago bizirik dagoela diogu gero eta gehiagok…).

Franko ospitale batetako ohean hil zen, guztiz lasai, eta egindako krimen guztiengatik inolako ordainik egin gabe. Are gehiago, azken urteetan kezka bakarra izan zuen buruan: nola mantendu 39 urtetan eraiki zuen erregimena bera joan eta gero. Horretarako baina, tresna ezin hobeak zituen: erregimena legitimatzeko baliatuko zuen aurpegi berri bat –Borboiko Juan Carlos printzea- eta mantenduko zela ziurtatuko zuen tresna eraginkorrenak – espainiar indar armatuak eta auzitegi frankistak-.

Eta indar armatuak aipatzean, komeni da jakitea ere nork agintzen zuen bertan. Duela urte batzuk armadako koronel bateri irakurri nion Espainiak izan duen armadarik frankistena Franco bera hil zenean zegoela; azken finean, gerra zibilaren hasieran armada faxistara sartu ziren behin behineko alferezak (alfereces provisionales deiturikoak) altxamenduarekin ideologikoki lerratuenekoak izan ziren eta Francoren heriotzaren unean jeneral eta almiranteak ziren.

Beraz, 1978ko testuingurua argia zen, frankismoa bizirik eta bi helbururekin: 39 urtetan eragindako krimenak saihestea eta erregimena bizirik mantentzea. Eta osagarri hauekin eman bazen konstituzioaren sukaldaketa, zer esan dezakegu sukaldarietaz? Ba beraien buru izan zela ministro frankista izandako Manuel Fraga, eta ondo baino hobeto lortu zuela erregimen frankistaren estamentu guztiak eszenategi berrira arazorik gabe pasatzea, beraien pribilegio guztiak salbu jarriz.

Sukalde eta sukaldari horiek saldu nahi izan dizkigute azken 40 urteetan behin eta berriz, baina euskal gizartearen gehiengoak argi ikusi izan du urte guzti hauetan espainiar konstituzioak eratzen zuen markoan Euskal Herriak ez zuela bere etorkizuna erabakitzeko aukerarik, eta hiru pertsonetatik bik errefusatu egin zuen inposatutako marko berri hura.

Eta inposatuta esaten dut horrela delako. Francoren tresna nagusiek ongi betetzen dute beraien papera.

Konstituzioak Espainiaren batasuna aldarrikatzen du, bertako nazioen borondateari muzin eginez, eta batasun sakratu hori bermatzeko indar armatuei berariazko zeregina ezarri zien: Espainiako subiranotasuna eta independentzia bermatzea eta haren lurralde-osotasuna zein konstituzio-antolamendua defendatzea.

Erret etxeak ere ongi jakin du egokitutako papera jokatzen. Azken adibidea Kataluniako prozesuan Felipe VI.ak jokatu duen papera. Bere aitari Francok eman zion agindua ongi jakin du berak ere jasotzen.

Esan behar da, hala ere, oso argi ikusi ahal izan dugula 40 urte hauetan, erret etxeak helburu nagusi bat izan duela: bere burua zaindu eta sendotzea beste gauza guztien gainetik, eta hori ere ongi bete duela esan dezakegu. Franko hil zenean ia esku hutsik bazegoen Juan Carlos, erregetza utzi zuenean bere fortuna ehundaka millioitan zegoen baloratua.

Hirugarren aktore batek ere paper berezia izan du baina urte hauetan: Auzitegi Konstituzionalak. Berari dagokio Konstituzioa interpretatzea eta ongi jakin izan du interpretazioa beti Estatuan dauden nazioen eskubideen aurka egiten. Gehiegitan ikusi dugu nola bertan behera utzi edo kamustu dituen ganbera honetan hartutako erabakiak, gehiegitan ikusi dugu 78an ezarri zen marko inposatzailea mantentzen.

Konstituzioaren zaintza horretan hala ere beste betebehar batzuk ere bazituen Auzitegi Gorenak, baina hor kale. Zeren eta herrien eskubideak zapuzteko hain arduratsu ibili den moduan, konstituzioak -testuan gutxienez- espainiarrei bermatzen dien eskubideen defentsan ez da oso arduratsu ibili.

Konstituzioak esaten du Espainiako aberastasunak interés orokorraren menpeko direla, baina hamarkada hauetan kolore desberdinetako gobernu espainiarrak sektore publikoa desegiten joan dira.

Konstituzioak esaten du ere espainiar guztiek etxebizitza duin bat izateko eskubidea daukatela, baina oso ongi ikusi ahal izan dugu, batez ere azken urteotan, gobernuek ahalegin gehiago jarri dituztela etxegabetzeak bultzatzen konstituzioak bermatzen duen eskubidea zaintzen baino.

Eta konstituzioak esaten du ere espainiar guztiek daukatela lanerako eskubidea, baina espainiar langabezi tasa Europako bikoitza da, lan kalitatean Europako azken postuetan dago eta Europa mailan ere pobrezian murgilduta dauden langile kopuru nagusiera dauka Espainiak.

Espainiaren batasuna bermatzea da Auzitegi Gorenaren betebehar nagusia, bertakoak gosez hiltzen badira ere…

Beraz, zer uzten digute azken 40 urte hauek? Inposizioan oinarritutako marko bat, non herrien borondateari muzin egin zaio behin eta berriz eta derrigortutako elkarbizitzaren aukera besterik ez dugu izan.

Zer daukagu bat ospatzeko? Zer omentzeko? Arbuiatzeko asko daukagula esango nuke nik.

78ko konstituzioarekin erregimen frankistak eskenategi berrira transito lasaia izan zuen, baina Espainiar Estatuaren lurraldetasun arazoa ez zuen konpondu, eta denok dakigu ez dela konponduko herrien borondatea errespetatzen ez den bitartean.