Scottish National Party eta alderdi ekologistak inoiz Eskoziako parlamentuak izan duen gehiengo independentista zabalena lortu dute; 129 eserlekutik, 72 eman dizkio eskoziar gizarteak. Argi dago beraz eskoziarrek nagusiki bigarren erreferenduma ospatu nahi dutela, SNPk hori agindu baitu kanpainan zehar. Alderdi independentista izanik, ez da ingeleraz esaten den bezala “Single Issue Party” edo gai bakarreko alderdia. Justizia sozialean oinarritutako programa trinkoa izateaz gain, 3 legegintzalditan gobernuan egoteak erakutsi die eskoziarrei – eta baita mundu guztiari ere- burujabetza lantzen joan daitekela, herri baten gehiengoaren alde gobernatzen den bitartean. Honen guztiaren jakitun, eskoziar herriak ezbairik gabe Eskoziaren independentziaren inguruko galdeketaren aldeko bozka eman dute. Emaitza historikoa da zinez!

Historikoa, SNPk laugarren legegintzaldia izango duelako gobernuan –hirugarrena, Nicola Sturgeon buru duela- eta bozken %45 lortu duelarik!

Historikoa, 73 barrutitik 62 bereganatu dituelako; inoiz alderdi bakar batek lortu ez duena!

Historikoa, 1,3 milioi bozka lortuz, lehen alderdia delako milioitik gora babes jasotzen. Alderdi unionistek behin soilik lortu dute 600.000 bozkatik igotzea – 1999an, lehen hauteskunde eskoziarretan, laboristek 800.000 bozka lortu zituzten-.

Historikoa, SNPren indar independentistari, alderdi berde subiranistaren gorakada batzen zaiolako, inoiz izan duten emaitza hoberena lortuz -8 eserleku-. Bozka guzti hauei Alex Salmond lehen ministro ohiaren ALBA alderdi berriari – eskainurik lortu ez duena- eman zaizkion bozkak gehituz gero, Eskoziaren burujabetza politikoaren aldeko bozkak %50etik gora dira!

Eta noski, demokraziaren legea; batzuk gora doazenean, beste batzuk, behera. Alderdi unionisten jaitsiera nabarmena da. Kontserbadoreek 31 hautetsi lortu dituzte, eta beraz lehen zituzten berberak, baina hemen galtzaile nagusiak laboristak dira, 1999tik 2007ra gobernuan egondakoak hain zuzen, 22 eskainu soilik lortuaz. Azkenik, liberalak 4ko ordezkaritzarekin geratu dira.

Labur, zuzen eta argi, eskoziarrek beren etorkizuna erabakitzearen alde bozkatu dute. Ez dago indar demokratikorik erreferendum berriari aurka egin diezaiokenik!

Nicola 1