Onintza Lasa Arteaga (Eusko Alkartasuneko Batzorde Eragileko komunikazio arduraduna)
Datorren igandean, martxoaren 31n, Aberriaren eguna ospatuko dugu. Parada ezin
hobea, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonen topagunea izan
dadin.
Iaztik aurtengora
bitartean gauza asko eta asko jazo da gurean. Iragan urtean gogoratzen genuenez,
gure herriko giro politikoa erabat gogortua zegoen. Aurten ere, ez dira gauzak
gehiegi aldatu.
ETAren ekintza
gaitzesgarriek, herriaren eraikuntza ez baino herriaren suntsipena dakarten
bortizkeriako ekintzek, orduan bezala gaur ere, bere hartan jarraitzen dute,
eta orduan bezala gaur ere, giza ikuspegitik dakarten aberrazioaz gain, estrategia
politiko aldetik, gure herriaren arerio politiko direnei aitzakia ezin hobea
ematen diete abertzaletasunaren aurkako kanpainan. Iaztik hona, gizarteak berriro
ere hamaika aldiz exijitu du bakean eta era normalizatu batean bizitzeko bere
nahia, baina ETAk entzungor egiten dio gizartearen borondateari. ETAk gure Aberriari
erasotzen jarraitzen du.
Iaztik hona bada,
bestalde, data esanguratsu bat: Maiatzaren 13a. Alderdi popularrak eta ondo-ondotik
jarraitu izan dion alderdi sozialistak, komunikabideen tresna guztiak bozgorailuen
boltajea maila altuenean jarririk, abertzaletasun kutsua zuen ororen aurka ekin
zioten. PPSOE ententeak argi erakutsi zuen abertzaletasun demokratikoari dion
ezinikusia. Hala, hauteskunde horiek Espainia-Euskadi arteko lehia baten gisa
aurkeztu zen. Erreferendum gisa, alegia.
Ez zen aukerarik
galdu, printzipio demokratiko eta baketsuetatik Herria bere osotasuneraino garatu
nahi dugunon aurka jotzeko. Horretarako, bitarteko guztiak zituzten zilegizko,
irainetatik gezurreraino, guztiak zuen balio. Hala ere, hautestontziek era argi
eta gardenean azaldu zuten Euskal Herriaren zati bateko gizartearen nahia. Baiezkoa
eman zitzaion bizitzari; hala, giza eskubideen urraketa orori ezezko biribila
eman zitzaion. Ezezkoa erailketari, mehatxuari, torturari, jazarpenei. Baiezkoa
bizitzari, bizitza duin bati, bizi garapenerako berme guztiei, horretarako ezinbesteko
den justizia sozialean oinarrituriko gizarte batean.
Baiezkoa eman zitzaion
elkarrizketari. Elkarrizketa, ezinbesteko tresna dugu politika jorratzeko. Herri
honetan partaide garen guztion ikuspegiak ulertzeko eta, hortik abiatuta, ideia
guztiak uztartu eta dugun gatazkari irtenbide bat bilatzeko, elkarrizketa da
balio duen tresna bakarra. Bazterketarik gabeko elkarrizketa. Ikuspuntu guztiek
tokia izango duteneko elkarrizketa.
Baiezkoa eman zitzaion
autodeterminazio eskubideari. Herri bezala, sistema demokratiko bat omen den
gizarte batean, dagokigun oinarrizko eskubidea. Gizarteak, bere kabuz, etorkizunean
herria zer-nola antolatu nahi duen adierazteko eta errespetatua izateko eskubidea.
Finean, Eusko Alkartasunak behin eta berriz esan duen bezala, azken borondate
hau da alderdi eta pertsona demokratikook errespetatu beharrekoa.
Bestalde, irailaren
11n Dorre Bikien aurkako eraso lazgarriaren ondorioetako bat terrorismoaren
inguruko nazioarteko gogoeta zabaltzea ere izan zen. Gertatutakoaren ondoren
«mundu ordena berri» bati hasera eman ei zitzaion. Eztabaida horren
haritik, Aznarren gobernuak, aurrekoetan ohituta gaituen legez, giro eta eztabaida
horren erabilera interesatua egin zuen Euskal Herriko gatazkarekiko estrapolazioa
eginez. Nazioarte mailan ezarri den «Segurtasun-Askatasun» binomio
hori Euskal Herrira pasaz. Ez dirudi demokrazian segurtasuna eskubide indibidualekin
konfrontazioan egon behar duenik. Hala ere, eta giro nahasia izaki, «badaezpadako»
neurriak hartu izan dira, segurtasun kontzeptua lehenetsiz, eta aitzakia horretan,
pentsatzeko, manifestatzeko, iritzi ezberdinak aldarrikatzeko pertsona guztiok
dugun eskubidea mugatuz. Hala, berriro ere, besteak beste, EAtik bide baketsuak
erabiliz irmo defendatzen eta defendituko ditugun zilegizko helburuak, bortxakeriazko
estrategiak erabiltzen dituztenen balizko helburuekin nahastu nahian ibili da.
Inondik inora demokrazia batean onartezina den estrategia.
Beraz, aurtengo
Aberri Eguna beti izaten den bezala berezia izango bada ere, are eta bereziago
sentituko dugu urte honetako gertaerak kontuan hartuta.
Iparraldetik, Nafarroatik,
erdidegotik edo beste edozein tokitatik gure Aberriaren eguna ospatzera bilduko
garenok, ozenki aldarrikatuko dugu Aberri bat badugula, Europan eta mundu osoan
leku duen aberri bat. Europan eta munduan ordezkatuta egon behar duen herri
bat. Herri independente bat Europan eta munduan. Herri solidario bat. Guztion
eta guztiontzako herri bat. Gernikan ikusiko dugu elkar. Gora Euskadi askatuta!

Fuente: Eusko Alkartasuna