Arabako lurralde historikoaren aurrekontuak babestu ditu EH Bilduk eta horrek gizartearen eta koalizioaren jarrerari buruzko argazki errealistagoa utzi digu.

EH Bildurekin ezin direla fidatu errepikatzen dute EAJren zuzendaritzako kideek -Iñigo Urkulluk batez ere- ia egunero, koalizioaren proposamenak ez direla errealistak ezta gauzagarriak ere, gure herriko erakundeetako bigarren indarra sistemaren kontrako mugimenduekin parekatu nahian.

Baina EH Bilduk EAJ eta PSEren arteko Foru Gobernuari baiezkoa emateak adierazpen horiek ez dutela errealitatearekin zerikusirik erakusten dute, batez ere, bi arrazoiengatik. Batetik, koalizioak egindako proposamen guztiak aurrekontuetan sartu dira. Bestetik, iragan urtean EH Bilduk proposamenez sartutakoak aurrera eraman dira aurrekontu osoaren maila berean. Beraz, aurten egindako proposamenak gauzagarriak dira eta iaz egindakoak dagoeneko gauzatu egin dira, neurri handi batean.

EH Bilduren jarrerak ez du –non eta Araban- azalpenik behar, erakundeetako gobernabilitatean laguntzeko prest dagoela frogatzeko. Alderantziz bai, ordea, jeltzaleek bere hitzaren balioa erakutsi behar dute. Izan ere, Gorka Urtaranen udal Gobernuak aurrekontuetarako koalizioaren laguntza lortzeko agindutako neurriak ez ditu aurrera eraman.

Euskal Herriko erakunde guztietako gobernabilitatean parte hartzeko prest dagoela esan du behin eta berriro EH Bilduk, horretarako gobernuetan sartu gabe ere. Arazoa bestelakoa da: EAJk aurrekontuak edo neurri zehatzak aurrera ateratzeko botoak behar dituenean baino ez ditu ekarpenak onartzen, horrek hauteskunde emaitzak kaltetuko ez dituela uste duenean, noski.

Horrela, Araban posible eta ona dena, Bizkaia eta Gipuzkoan ezinezkoa da, arrazoi ezberdinengatik bada ere. Bizkaian, jeltzale eta sozialisten gehiengoak besteen proposamenak gutxiestera daramatzalako, eta Gipuzkoan aurreko foru gobernutik aldentzeko neurrigabeko nahiak beste ezeren gainetik jartzen delako. Dena esan beharra badago, Araban EAJk beharraren beharrez bilatzen du EH Bilduren laguntza, PSErekin duen hitzarmenak ez diolako gehiengo nahikorik ematen eta PPrekin ez dutelako zereginik, Maroto kanporatua izan zenetik.

Emaitza, Araba eta arabar gizartearentzat beharrezkoak diren proposamenak mahai gaineratu duen aurrekontu hitzarmen on bat da. Horretaz gain, EH Bilduk akordiorako duen jarrera argi geratu da.

Itzalik bada ordea: beti konpondu barik geratzen den zerga sistemaren gaia. Gai honek berebiziko garrantzia du eta gehiago itxoin gabe jarri behar dugu lanean. Eta, armonizazio faltaren fantasma agertu ez dadin, herrialdeka egin beharrean alderdi mailan egin beharko da, gero alderdiek beraiek eramango dute batzar nagusi eta foru aldundietara.

Izan ere, egun foru aldundiek dituzten baliabide ekonomikoekin zerbitzu publikoak mantendu daitezke –hala nola zenbait kasutan- baina aurrera egitea, zerbitzu berriak sortzea, jende gehiagorengana iristea,… ezinezkoa da. Hori lortzeko zerga sistema egokitu behar da bai ala bai, fortuna handiei, kapitalaren errenta eta enpresa etekinei presioa handituz. Ongizate Estatuaren zerbitzuak eman ahal izateko diru gehiago biltzeko modu bakarra da, lan errentak ustiatu gabe behintzat.

EH Bilduk Gipuzkoan garatu zuen zerga sistemaren esperientziak horrek emaitza onak dituela badakigu. EAJ berak ondo dakien lezioa da, izan ere Gipuzkoak diru bilketa aurreikuspenak bete baditu, orduko zerga erreformatik geratzen diren aztarnei esker izan da.

Eta zerga sisteman aldaketak egitean EAJk aukeratu egin beharko du, errenta altuenak dituztenak haserretuko ez dituen PPren neoliberalismoa eta Ongizate Estatuaren zerbitzuak garatu eta gizarte justizia bermatuko duen EH Bilduren ereduen artean.