«Estaturik gabeko nazioek ordezkaritza zuzena izatea» eskatu du EAko presidenteak, ´euskal errepublika lortu arte´

Europako Batasuneko erakundeen «demokratizazioa eta sinplifikazioa» eskatu zuen Begoña Errazti EAko presidenteak atzo Iruñean. EAk helburu duen «euskal errepublika lortu arte, estaturik gabeko nazioei EBn ordezkaritza zuzena izateko eskubidea onartu behar zaie», azpimarratu zuen.

Begoña Erraztik, Mikel Irujo Herrien Europa koalizioan EAko hautagaiarekin batera, Europako Legebiltzarrean defendatuko duten programa aurkeztu zuen. EBko egungo egituraketarekin ados egon ez arren, euskal herritarren interesak defendatzeko Europako Legebiltzarrean egon behar dela aipatu zuen Erraztik, eta adibide gisa Nafarroako Itun Ekonomikoa eta EAEko Kontzertu Ekonomikoaren defendatsa jarri zituen. «EBn ez dira berezitasun horiek ulertzen eta han egon behar dugu defendatzeko», aipatu zuen.

Lantzen ari den Konstituzioarekin ez datozela bat berretsi zuen EAko buruak, «egungo estatuek Batasunaren gidari izaten jarraitu behar duten ideia» bermatzen dutelako. «Konstituzioaren egungo zirriborroak ez du bermatzen erabakiak hartzerakoan herritarren parte-hartzea, eta ez die hurbiltzen herritarrei EB», argudiatu zuen. Horregatik, Batasuneko erakundeen «demokratizazioa eta sinplifikazioa» eskatu zuen Erraztik. Errazti eta Irujok EBri «hirugarren hanka, botere judiziala» falta zaiola aipatu zuten. Botere judizialak «egituraketa berri» bat behar duela esan zuten, egungo egitura exekutiboa eta legegilea osatzeko. Ildo horretan, EBk berak bultzatutako oinarrizko eskubideen karta bat babestea «premiazkoa» dela azpimarratu zuen Irujok. Herrien Europa koalizioko hautagaiak Erkidegoen Justizia Auzitegia «geldirik» dagoela salatu zuen. «Barne kudeaketa txarra dela medio, lanez gainezka eta geldirik dago» azaldu zuen. Arazoa moldatzeko erakundearen erreforma proposatuko dutela aipatu zuen Irujok.

Bestalde, EBk atzerri politika «propioa eta bateratua» ere behar duela azpimarratu zuen. Bortizkeria arbuiatuz, kanpo zein barruko arazoak konpontzeko «bide bakarra elkarrizketa» behar duela izan esan zuen. Gatazken iturria maiz «txirotasuna eta gizarte desoreka» dela esan zuen eta horren aurka borrokatzeko politika sozialak eskatu zituen. Europan oinarrizko errenta bat defendatuko dutela iragarri zuen. «EBko biztanleriaren %15 txiroa da eta arazoak irtenbideak behar ditu», esan zuen.
Jatorria: Begoña Errazti