Eusko Alkartasunak Europako hauteskundeetarako programa aurkeztu zuen atzo Gasteizen

Eusko Alkartasunako lehendakari Begoña Erraztik salatu zuen PSOEk ez dituela ahalbidetzen aniztasun politikorako «beharrezko aldaketak». Erraztiren aburuz, PSOE eta PP formetan ezberdinak badira ere, edukian bat datoz. Europako hauteskunde programaren berri emateko agerraldian egin zituen adierazpenok Erraztik.

EAko eledunaren ustez, Espaniako Gobernuak ez du aurrekoarekin alderatuta alde handirik, «agian formetan desadostasunak antzezten arituko dira, baina larriena da sakonean bat datozela». Era berean, Alderdien Legea eta «Terrorismoaren Kontrako Ituna» bezalako gaietan bat egiten duela gogoratu zuen. Erraztik azaldu zuenez, Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok erkidego autonomoen estatutuen erreformetarako baldintza eta muga Konstituzioa du, «aniztasun nazionala onartzen ez duen Konstituzioa hain zuzen». PPk eta PSOEk «planteamendu amankomuna» dute: «Zapaterok gauzak aldatu behar zirela iragarri zuen, eta momentuz Irakeko tropak baino ez ditu mugitu».Beste alde batetik, euskal gizartea Espaniako Gobernuak nola erantzungo zain dagoela nabarmendu zuen. Hala, duela hainbat hilabete ETAren su-etenaren inguruan hedatutako «itxaropenak» ere etenaldia izan dutela adierazi zuen. «Uste dut itxaropena izan zuten jende gehiago bazela orduan eta halaber, bazirela erakunde armatuaren barruan indarkeria baztertzearen aldeko hainbat iritzi. Orain, ordea, iritzi horiek geldiarazita dauden irudipena daukat».Bestalde, ETA «bitarteko nagusia» dela onartzea akatsa dela adierazi zuen Erraztik. «ETAk ez du bitartekaritza egiteko legitimitaterik, eta arlo politikora eraman behar da. Batasunak arlo honetan jokatzen duen papera garrantzitsua da».

Hausteskunde programa

Europako hauteskundeei dagokienez, EAk defendatuko duen programaren erronka nagusia herritar guztien parte hartze politikoa areagotzea izango da, «hain zuzen, Europako makro estatuetatik behin eta berriro ukatzen dena».

Autodeterminazioa oinarri, estaturik gabeko nazioen defentsa izango du lehentasun EA partaide den Herrien Europa koalizioak. Hala, lurralde autonomoen ordezkaritza izango duen ganbera abian jartzeko ekimena bultzatuko du EAk. Beste helburu batzuen artean, hizkuntza guztien onarzea eta eskualdeen arteko elkarlaguntza garatzea defendatuko dituzte.

Jatorria: Begoña Errazti