Azpeitiko Eusko Alkartasuneko zinegotzi batek kargua utzi du “ezker abertzaletik jasan dituen presioak direla medio”. Habea legez kanpoko herri plataformari omen zegozkion karguak betetzea egotzi diete Eusko Alkartasuneko zinegotziei Iñaki Larrañaga Azpeitiko Eusko Alkartasuneko zinegotziak jasan dituen presioak deitoratu ditu Begoña Errazti Eusko Alkartasuneko presidenteak . Izan ere, presio horiek direla eta dimisioa aurkeztu du Larrañagak. “Herritarrek adierazitako borondate demokratikoa errespetatzea exijitzen diegu indarkeria ekintzak egiten dituzten horiei”, esan du Erraztik.

Alderdi guztiaren elkartasuna adierazi dio Erraztik Iñaki Larrañagari, hilabeteetan zehar “eraso sistematikoak jasan dituelako”. “Larrañagak eta EAko gainerako hautetsi guztiek herritarrek emandako legitimotasun osoa dute eta, beraz, euren parte hartzea eztabaidaezina da”.

Larrañagak atzo eman zuen bere dimisioaren berri, “ezker abertzalearengandik jasotako presioak direla medio”. Habea legez kanpoko herri plataformari omen zegozkion karguak betetzea egotzi diote Larrañagari Eusko Alkartasuneko gainerako hiru zinegotziei ezker abertzaleak.

Salaketa

Eusko Alkartasuneko presidentearen aburuz, “nire alderdiko kideen kontra presioa egiteko indarkeria neurriak erabiltzea onartezina da ikuspegi demokratiko batetatik, izan ere, beren interesak defendatzeko herritarrek hautatu baitzituzten”.

“Euskaldunen borondatea usurpatu nahi izatea eta demokratikoak ez diren erabakiak hartzea” leporatu dio Erraztik ezker abertzaleari. Bestalde, EAk ez du erabaki nork beteko duen Larrañagak utzitako lekua “orain bere alboan egoteko unea delako”.
Jatorria: Begoña Errazti