Eusko Alkartasunak ez du bakegintza eta eraikuntza nazionala nahastea atsegin, baina zaila da igandeko Aberri Eguna iragan larunbatean gauzatu zen armagabetze testuingurutik kentzea. Are gehiago aurten independentistok Gernikan bilduko garela kontutan hartuta. Duela 80 urte herriak 36ko gerra bitartean pairatu zuen bonbardaketa gogoratzeko asmoz goaz Gernikara, baina aurrekoarekin lotzen badugu herri honek hamarkadetan zehar sufritu duen bortxakeriaren historia azalerazten du. Eusko Alkartasuna Gernika eta Ustaritzeko ekitaldietan egongo da.

Armagabetzean Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak eta elkargoak izan duten papera ere ezin dugu ahaztu. Izan ere, bere lehendakaria, Jean René Etchegaray, izan da euskal erakundeen buruzagien artean armagabetzean parte hartze handiena izan duena.

Iparraldeko ehunka lagunen eskuartzeak, bakearen artisauek gidatuta, gatazkaren ondorioek utzi dituzten erronken inguruan kohesionatuta dagoen gizartea erakutsi digu. Eta Etchegarayren paperak erakundeetan egiten den lanaren ahalmena azalerazi du.

Beraz, Euskal Herriko hiru erakunde nagusiek eraikuntza nazionalean paper garrantzitsua izan dezakeenaren ustearekin iritsi gara Aberri Egunera. Paper garrantzitsua izan dezakete eta abertzaleon ikuspegitik izan behar dute.

Badakigu pertsonak garela, euskal hiritarrak garela, erabakiak hartuko ditugunak, gure etorkizunaren nondik norakoak zehaztuko ditugunak, zenbait udalherrietan Gure Esku Dago ekimenak antolatu dituen galdeketek frogatu duten bezala. Galdeketa horietan parte hartu dutenek demostratu dute gure eskuetan dagoela erabakitzeko gaitasuna eta pausoz pauso, herriz herri, gure borondatea gauzatuko dela, herrialde edo eremu bakoitzaren erritmoaren arabera.
Boterean izan den hamarkadetan Nafarroako eskuinak ipar eta hego Euskal Herriaren arteko gutxiengo elkarlanari uko egin dio, baina egun badira elkarlanerako eremuak, Akitania Euroeskualdea bezala. Jakin badakigu, ikuspuntu abertzale batetik hori ez dela optimoena, baina bide bateko pausoak dira.
Azken batean, Aberri Eguna ospatuko dugu Estatu bat eraikitzen ari garenaren uste osoarekin. Nahita diogu Estatua eta ez herria edo nazioa: herrialdea badugu, Estatua da eraikitzen ari garena. Gure egitura instituzionala sortzen ari gara eta horretarako gizarte sentiberatasunari erantzuten dion oinarri sendoa daukagu.