Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea

Azken urteetan gizaterian eman den aldaketa ekonomiko eta sozial nabarmenena globalizazioa da zalantzarik gabe, zeinaren ondorioz, gizateriak egiten dituen ekimenen kopuru geroz eta handiagoak mundu mailako dimentsioa hartu duten. Lehen Munduak dagoeneko barneratu duen globalizazio politiko, ekonomiko, sozial eta kultural honek tirabira asko sortu ditu gizarte zientzietako diziplina askotan; horietako nagusietakoa, nagusia ez bada, soziologia. Hain zuzen, Ulrich Beck soziologo alemaniarrak globalizazio ekonomikoaren balaztagarri legez Estatu globala planteatzen du, Estatua ekonomiaren kontrolatzaile eta sustatzaile izanik, ekonomia globalaren sustatzaileren bat eta kontrolatzaileren bat egon ahal izateko Estatu globala ezinbestekoa dela esanez.

Gogoan izan dut planteamendu interesgarri hori azken egunetan Prestigek sortutako kalteei buruzko informazioa jaso ahala. Espainiar eta frantziar gobernuek hartutako erabaki baten arabera, espainiar eta frantziar uretan dabiltzan ontzi arriskutsuak beren uretatik kanporatu eta beste estatu batzuen uretara bultzatuko dituzte. Erabaki honen jatorrian, uren subiranotasun kontzeptua dago, eta ikuspegi horren baitan, estatuek izan behar duten, eta zoritxarrez duten, ardura ur «nazionalei» buruzkoa da soilik, ez aldiz itsasoarena eta ingurunearena. Bestela esanda, ura eta ingurugiroa, lurraldea bezala, eremu subirano desberdinduetan banatu daitezke, eta, beraz, gobernu bakoitzak dagokion ur eta aire eremua zaintzeko beharra du, helburu horretarako, ondoan dagoen estatuaren ura arriskuan jarri behar badu ere.

Uraren eta airearen atomizazio ziztrin honen aurka planteatzen dut globalizazioaren beharra, hain zuzen, Beckek dioen Estatu globala ezinezkoa bada ere, agian, kontzeptu globalak asumi genitzake: arlo askotako hainbat gai subiranotasunaren kontzeptutik at daudela onartuz eta, beraz, berei buruzko erabakiek estatu markoa gaindituz soilik dimentsio globala izan dezaketela onartuz. Ontzi baten hondoratzearen ondorioz sortzen den orban beltza edo zentral nuklear baten matxuraren ondoriozko hodei erradiaktiboa gizateria globalaren arazoa denik ezin da ukatu, eta antzuak izango dira beti ikuspegi estatal edo nazional batetik egoera konpontzeko hartu daitezken neurriak. Hori dela-eta, gizateriaren ongizaterako oinarrizkoak diren gaiez mintzo garenean, neurri azkarrak eta prebentziozkoak hartuko dituen nazioarteko erakundea da beharrezkoa, non, munduko nazio guztiek hitza eta erabaki ahalmena izango duten. Ondo dago hortaz NBEk erresoluzioak egitea, baina agian bada garaia hainbat gaitan botere betearazlea ere izan dezan.

Jatorria: Martin Aranburu