“Behin betiko alderdiaren proiektu politikoan lan egitea nahi dugu, eta ez egunero azpikoko juridikoetan korapilatuta ibiltzea”, eskatu du Eba Blanco idazkari nagusiak

Gasteizko Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak berriro eman dio arrazoia Eusko Alkartasunaren zuzendaritzari, ez baititu onartu Bilbon asteburu honetan egingo den Biltzar Nazionalaren aurka sektore kritiko deritzonak eskatutako kautelazko neurriak. Beraz, Biltzarra legezko berme guztiekin ere egingo da.

Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak oso positibotzat jo du Cristina Rodriguez epailearen erabakia. “Duela bost urtetik hona etengabe eskatzen ari garena indartu egiten du magistratuak bere autoarekin. Egiten ditugun gauza guztiak salatzeko epaitegietara korrika joan beharrean, guri lan egiten uztea hain zuzen ere. Oso nazkatuta gaude sektore kritikoaren tranpa juridikoekin, alderdi honetan hainbeste lan egin behar dugunean”.

Alde horretatik, agiri judiziala erabat irmoa da. Sektore kritikoak eskaintzen duenaren aurrean, “afiliatuek erakundearen funtzionamendu normalerako, Biltzarraren prestakuntzarako eta gainerako jarduera normalerako duten eskubidearen aurka dago”. Idazkiak aurrerago jarraitzen du “demandatzaileek Biltzarrean parte hartzeko duten eskubidearekin alderatuz gero, balorazio handiagoa eskatzen du”.

Epaileak bertan behera bota ditu sektore kritikoaren argudio guztiak zuzendaritzari arrazoia emateko. Hitzez hitz dio: “demandatzaileak ez du egiaztatzen Biltzar Nazionala egitean kalte konponezina sortuko denik. Halaber, ez du egiaztatzen hautetsi edo hautesle izateko interferentziarik sortuko denik”. Hiru paragrafo geroago, gehitu du sektore kritikoak eskainitako 1.200 euroko kauzioa ez dela nahikoa “alderdi politiko demandatuak dituen afiliatu guztiei eragiten dien ekitaldi bat eteteko, ez eta bi eguneko iraupena duen Biltzar Nazionalaren deialdia ere, horrek dakarren gastuarekin (antolaketa, lokalaren alokairua, parte-hartzaileen mobilizazioa, etab.)”.