Emakume guztientzako eta bizitza osoan zehar artapen ginekologiko integrala eskatu du Lohitzune Txarolak gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran endometrosiaren ikerketa eta abordatze terapeutikoari buruzko ekimenaren eztabaidan. Nahiz eta EH Bilduk eta Podemosek erdibideko emendakina onartu duten eta PPren botoa lortu, Batzar Nagusiek Osakidetzak orain arte bezala lan egin dezala eskatu baino ez dute egin EAJ eta PSEk eskatuta.
%10 eta 20 arteko emakumeek sufritzen duten gaixotasuna da endometriosia, eta horren ondorioz, beraien bizi kalitatea kaltetzen da. Baina, “emakumeek sufritzen ditugun beste hainbat gaixotasun bezala, horrek ere ikerketa eskasa jaso du, eta ondorioz ez da berari buruzko datu asko” azaldu du Txarolak, “bizi garen jendarte patriarkalaren” adibidea dela salatuz. Gauzak horrela, “emakumezko batek hilerokoak dituenean mina izatea normaltzat jotzen da, eta gaur egun beste hainbat gaietan mina ekiditeko neurriak hartzen ari badira medikuntzaren munduan, hilerokoak emakume batzuei eragiten dien minaren aurrean ez dago aurrerapenik”.
Arazoa konpontzeko asmoz hainbat neurri planteatu ditu EH Bilduko batzarkidea eta EAkidea den Txarolak, hala nola “hezkuntza arautuan, endometriosiaren gaia eskolako kurrikulumean sar dadin beste gai sanitario batzuekin batera; gaixoen erregistroa eta gaixoen elkarte bat sortzea, laguntza psikosoziala emateko; eta emakume guztiek bere bizitza osoan zehar artapen ginekologiko integrala izan dezaten osasungintza publikoan”.