Anjeles Iztueta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua Pertsona orok hezkuntza
jasotzeko duen eskubidea gauzatzea lortu da Euskadin duela bi hamarkadatik.
Errealitate hori eta gizartean eta kulturan izandako beste hainbat aldaketa
batera gertatu dira denboran; gizartean eta kulturan izandako aldaketa garrantzitsuenen
artetik azpimarragarriak dira teknologia berriek garatu dituzten komunikazio-lanabes
berrien eragina eta globalizaziorako joera; horien ondorioz aldaketa nabarmenak
izan dira herritarren eta gizarteen gidari diren ohitura, balio eta arau-sistemen
baitan.
Eta jakina, horrek
guztiak eragina izan du Ikastetxeen hezkuntza-jarduera garatzeko orduan. Eskola-giro
berrian hainbat alderdi desberdin aurkituko ditugu:
—Ikastetxeetan
ikasleen artean aniztasun handia aurkituko dugu, esperientzia eta bizipen desberdinak
dituzten ikasleak, eta horrek elkarbizitza zaildu egiten du.
—Hezkuntza-praktikak
aukera-berdintasuna eta desberdina izateko eskubideak batera garatzeko arazoari
aurre egin behar izaten dio egunero. Gaur egun, ikasle guztiak berdinak dira
eskubideei dagokienez, baina azkenean desberdindu egiten dira bakoitzaren merituen
arabera. Berdintasunaren eta merituen arteko tentsioaren ondorioz, bidegabekeriaren
sentimendua sortzen da: bidegabea da ahaleginik egin gabe irakasgaiak gainditzea,
bidegabea da zenbait ikaslek muga bat edukitzea, bere zereginak betetzen dituen
ikasleari ezin zaio gehiago eskatu, ikasle guztiei ezin zaie maila bera eskatu,
eta abar.
—Derrigorrezko
irakaskuntzaren iraupena luzatu egin da, eta ondorioz, lehengo egoera aldatu
egin da: ikasleak eskolara huts egiten hasi dira, errendimendu baxua, interesik
eza, ikasle-taldeko zenbaiten aldetik jarrera gatazkatsuak, bereziki adin-tarte
jakin bati dagokionez. Ikasle-talde honek ez du bere burua eskolarekin identifikatzen,
eta ikasle horiek eskolan integratzea oso arazo zaila izaten da.
—Gure gizartean
indarrean dauden balio askoren izaera nahasiaren eta, sarritan, kontrajarriaren
ondorioz, eskola-hezkuntzak indartu eta azpimarratu beharreko alderdien inguruan
adostasuna lortzeko zailtasunak izaten dira. Sarritan, Ikastetxeetan zabaltzen
diren balio asko eta asko ikasleak ez ditu eguneroko bizitzako bestelako esparruetan
erabiliko edo ikusiko, hala nola, familiartean, lagun-taldean edo komunikabideetan.
Eta horrela heziketa bizitzeko eta ulertzeko modu desberdinen arteko koherentziarik
eza sortzen da, bai eta heziketaren edukiaren koherentziarik eza ere.
—Zenbait irakasle
ez da aseta agertzen berak garatzen duen lanaren aurrean. Irakasleak gero eta
zeregin gehiago ditu, eta, gainera, zereginak ere nabarmenki aldatu dira. Horrez
gain, gaur egun irakaslea izateak ez du esan nahi ikasleek errespetatuko duenik
edo gela kontrolatu ahal izango duenik. Askotan oso zaila izaten da irakaslearen
botereari eustea. Gelako lana, ezagupen didaktikoak edo gaikuntza didaktikoa
errealitate berrira egokitu behar dira, batez ere hezkuntza-maila jakin batzuetan.

—Hezkuntza-espazioa
zabaltzen bada, eskola-antolakuntzaren abiapuntua ez da gela izango, ezta alderdi
didaktikoa ere; eskola-antolakuntzak eskola-bizitza osatzen duten esparru guztiez
arduratu beharko du. Eta ondorioz, ikastetxeetako zuzendaritza-lanak ere korapilatu
egiten dira; izan ere, Ikastetxeen homogeneotasunaren eta hezkuntza-egoeren
homogeneotasunaren ideia baztertu egin behar da. Eta garai berrira egokitzeko
ezinbestekoa da zuzendaritza-lanak espezializatzea eta profesionalizatzea, eta
ordezkapen, kudeaketa eta parte-hartzerako eredu egokiagoak lortu behar dira.

—Zenbait familiaren
ikuspegitik, gero eta erlazionatuagoak daude hezkuntza jasotzeko eskubidea eta
ekonomia- eta lan-munduko baldintzak. Ikasleak Ikastetxeetara bidaltzeko arrazoi
nagusia ez da heziketa jasotzea, baizik eta etorkizuneko karrerarako ziurtapen
erabilgarriak lortzea. Eta batzuetan, Zentroak aparkalekuen antzera erabiltzen
dira, hau da, ikasleen gaineko ardura Zentroari uzten zaio eguneko zenbait ordutan.

Aipatu ditugun
arazo guztiak, eta beste hainbat, bizi dira Ikastetxeetan, ikastetxearen kokapen,
ikasle-mota, titulartasun, irakaskuntzaren izaera, eta abarren arabera. Orain
azpimarratu ditugun alderdi desberdin gehienak gero eta gehiagotan baieztatu
ahal izan ditugu, eta horrek argi eta garbi baieztatzen du duela hogei edo hogeita
bost urteko Ikastetxeen errealitatea eta gaur egungo ikastetxeen errealitatea
erabat aldatu dela. Eta jakina, horrelako aldaketa batek kezka berezia eragin
du Hezkuntza Erkidegoko kideen artean; izan ere, egoera berri baten aurrean
daude, eta gauzak berriro planteatu behar dira eta eskola-bitartekoaren antolakuntza
eta prozedurak errealitate berrira egokitu behar dira.
Bestalde, Ikastetxeen
antolakuntza ezaren ezaugarriak modu desberdinean islatzen dira hainbat faktore
desberdinen arabera, eta gaur egun eskolan bizi den giroaren ondorio kaltegarrienek
eragin berezia izan ohi dute 12 urtetik gorako biztanleriaren %25ean. Baina
horrek ez du esan nahi faktore horiek duten eragina eta garrantzia baztertu
behar dugunik, eta aldi berean esan daiteke egungo hezkuntzaren egoera ez dela
hain negatiboa eta Ikastetxeek aurrera egitea lortuko ez dutela. Eta mota honetako
iritzien bitartez, hezkuntza-errealitatea zatituta dagoela islatzea lortuko
da, eta hori ez da komeni.
Aipatu dugun guztia
kontuan hartuta, eta gurea bezalako gizarte aurreratuen ezaugarri den gizarte-
eta hezkuntza-egoera berritik abiatuta, «hezkuntza-kalitatea» ezin
da mugatu, hau da, Ikastetxeetan prozedura berrien garapen mekanikoa burutzea
baino zerbait gehiago da. «Kalitate orokorra» lortzeko proiektu
baten eskutik heziketaren antolakuntzaren, prozeduren eta edukien inguruko gogoeta
egin behar da, hartara eskola-talde guztien premiei, eta ez bakar batzuen premiei
bakarrik, erantzun eraginkor bat eman ahal izateko.
Eta ikuspegi horri
jarraituta, gogoan hartu behar dugu Ikastetxeak direla «hezkuntza-kalitatea»
garatzeko eta indartzeko eszenategia. Ikastetxeetan erantzungo zaie arazo desberdinei,
bertan landuko dira konponbideak. Hain zuzen, ikastetxeak gero eta heterogeneoagoak
direlako, «hezkuntza-kalitatea» ingurunearen mende dago, bai eta
hezkuntza-erkidego bakoitzaren ezaugarrien mende ere. Eta aurreko guztiaren
ondorioz, «Ikastetxea, kalitatearen gune» izenburu egokia da Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Gogoeta egiteko antolatu dituen Jardunaldietarako;
aipatu Sailak Euskal Herriko hezkuntza-erkidegoaren parte-hartze aktiboa sustatu
nahi du eta gure hezkuntzak bizi duen egoerari buruzko eztabaida ireki bat garatu.
Eztabaidaren gai nagusiak, hezkuntzaren mundua gehien kezkatzen dutenak izango
dira, hain zuzen gure herrialderako «hezkuntza-kalitatea» ziurtatuko
duen proiektuarekin zuzenean erlazionatuta dauden alderdiak.
Begi-bistakoa da
Ikastetxeen hezkuntza-jarduera osatzen duten esparruen kantitateak eta kalitateak
esparru horiek guztiak zehaztasunez lantzea oztopatzen dutela. Hala ere, Jardunaldien
Programaren baitan diseinatu diren gaikako multzoen kasuan sei alderdi hartu
dira kontuan; sei alderdi horiek ezinbestekoak dira Ikastetxe baten «hezkuntza-kalitatearen»
proiektua lantzeko orduan: hezkuntza-erkidegoko kideak, edukien antolakuntza-
eta kudeaketa-modua, edukiak zehaztu eta antolatzea, balorazio- eta ebaluazio-mekanismoak,
hezkuntza-prozedurak eta prozesuak eta, azkenik, herrialde elebidun batean hizkuntzari
ematen zaion trataera. Aipatu alderdi guztiak modu antolatuan kontuan hartzen
saiatu gara, eztabaida emankor bat lortzeko, eta ondorioak ateratzeko; azken
finean, gure hezkuntza-erkidegoaren iritzia ezagutzeko.
Hezkuntza taldean
garatu beharreko zeregin bat bada, Ikastetxeak dira herritarren prestakuntzaren
zati garrantzitsu bat garatzen den lekua. Kalitatezko hezkuntza lortzeko ez
da beharrezkoa gaur egungo helburuen gaineko printzipioen aldarrikapenik egitea,
hala nola irakasleen garrantzia, ikasleen zereginak, zehaztutako helburuak.
Teorian lor daitezkeen emaitzak zehazten dira eta kudeaketa praktikoa gertatzen
denari buruzkoa da. «Ikastetxea, kalitatearen gune» Jardunaldiak
aukera bikaina dira parte-hartze orokorra lortzeko, eztabaidarako eta iritziak
erkatzeko. Hezkuntza-elkarrizketarako parada.
Jatorria: Eusko Alkartasuna