Gure herrian horrenbeste behar dugun elkarbizitza lortzeko garai berria hasi zen ETAk bere jarduera armatuari amaiera eman zionenean, 2011ean. Giza eskubideen urraketa larriek apurtu zuten elkarbizitza berrosatzeko garaia hasi eta lan ezberdinak eskatzen dituen prozesua hasi da. Iraganari begirada kritikoa luzatzea lan horien artean lehenetarikoa da.

Giza eskubideen errespetuan oinarritutako orainaldi-etorkizuna eraiki behar da biolentziak gure gizartean izan duen eragina eta gero, hori norbanakoak egin behar du baita gizarteak ere eta ez da lan erreza. Norbere burua ispiluan zintzoki begiratzea ez da erreza izaten, mina ere eragin dezake; hain zuzen, “besteen” jokabidean gaitzetsiko genituzkeenak gure gain ikusteko prest egoteak ausardia eskatzen du.

Horrela, bakearen kulturarako bidea egiteak gure jokabideak sakonki aldatzea eskatzen du, errealitatea beste ikuspegi batetik begira eta gertatutakoan norberak izan duen ardurak onartzea.
Biktimei, beraien familiei eta lagunarteari min itzela egin dioten giza eskubideen urraketak egon dira gure herrian, baita bestelako indarkeria jarduerak ere, ETAk eragindakoa izan zein Estatuaren polizia ezberdinek egindakoa izan. Kontuz lantzeko egoera da, pertsona eta familien bizitza osoa markatu duten gertaera traumatikoak direlako.

Hala ere, memoriarekin zerikusia duten gai horiek eztabaida eta ezadostasuna sortu dute, eta, hainbat momentuetan jarrera ideologikoen polarizazioa areagotu.

Memoria partekatua gizartearen polarizazioa sakondu gabe nola garatu da kezka. Memoriari buruzko prozesuak eragindako mina konpontzen eta bakean oinarritutako elkarbizitza eraikitzen lagundu behar du.

Ehun sozialaren errekuperazioak ezadostasun politikoak dituzten taldeen arteko harremanak errespetukoak izatera eraman behar gaitu, haustura sortu eta mesfindatzak eta areriotasunak sortu gabe.

Zentzu honetan, gurea bezalako polarizazio politiko eta sozialak memoriari buruzko lanak egiteko irizpide sendoak bilatzea exijitzen digu. Giza eskubideen ideia hartzea beharrezkoa da beraz, bidezkoa eta bidegabekeria banatzen duen tresna bezala erabat onartuta dagoelako.

Bakearen elkarbizitzaren zerbitzuan dagoen memoriaren berreskuratze lanaren oinarria giza eskubideen errespetuaren adostasuna izan behar da. Giza eskubideen ikuspegitik atzera begiratzen duen ikusmira argiagoa da, sendoagoa. Hori da giza harremanen errespetua ezartzen duen joko zelaia, bertatik harreman eta bakean oinarritutako elkarbizitza berriak eraiki daitezke.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren zuzendaritzak programa eta ekimen ezberdinak bultzatu ditu azken lau urteetan, gai guzti horiek aztertu eta udal, elkarte eta jendartearekin lan egin ahal izateko. Helburua berradiskidetzea eta elkarbizitzaren eraikuntza izan da.

Udalekin egindako lan estrategikoa lantzeko oinarria izan da dokumentu hori. Udala, jendartetik gertuen dagoen erakundea izanda, gizartearen arteko komunikazioa hobetzen duen programan garatzea errazagoa delako. Era berean, epe ertain-luzera dauden estereotipoak eta hausturak gainditzeko beharrezkoa duen lana garatzeko duten potentzialtasuna ere kontutan hartu da.
Tokian tokiko esperientziak izan dira elkarlan horren emaitza eta horien analisiak guztiontzako interesgarriak diren lehenengo ondorioak eman dituzte dagoeneko.

Horien artean eta orokorrean hitz eginda, elkarbizitza berreraikitzeko programek, etorkizunerako konponbide partekatuak bilatuz eta iraganeko gertaera garrantzitsuen analisi komuna eginez, dinamika berriak sortu ditzaketela esan dezakegu.

Belaunaldien arteko ariketak ere planteatu dira memoria berreskuratu eta elkarbizitza berreraikitzeko arloan. Helduek gazteei biolentzia testuinguruan gertatutako esperientzia eta bizipen pertsonalak igortzen dietenean egungo belaunaldiek elkarbizitza lortzeko traumatikoak diren gertakariak gainditzea posible eta beharrezko adela ikusten dute. Zehatzago esateko, ekimen horrek gerraosteko belaunaldiek ehun sozialaren berreraikitzeko garaitu eta garaileen areriotasun testuinguruan egin zuten lanaren ezagutza eta igorpena landu du.

Kasu horietan, prozesu horien helburu nagusia tokian tokiko memoriak berreskuratzea izan da, udalerrian bizitako esperientzia pertsonal eta kolektiboen bitartez, denak berdindu gabe baina inor baztertu gabe, parte hartze, elkarrizketa eta entzuteko gune irekiak sortuz. Etorkizunerako elkarbizitza normalizatuaren oinarriak jartzea posible egiten duten parte hartze dinamikak dira.

Proiektu horiek zabaldu eta sakondu behar den ahalmen integratzailea dute. Ahaleginak denboran iraun behar duela badakigu, eta, aldi berean, bestelako beharrak landuko dituzten ekimen berriak gehitu behar dira.

Gure gizartean giza eskubideen errespetua bermatzen duten politikak garatu behar direla azpimarratu nahi dut amaitzeko, bakea eta guztion hartuko gaituen elkarbizitzaren oinarriak horrela baino ezin direlako ezarri.

MARINA BIDASORO
Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari ohia eta Eusko Alkartasunako kidea