ELA eta LABek atzo euskal indar politikoei egindako deiari besoak zabalik erantzun dio Eusko Alkartasunak, gizarte justizia oinarri duen Estatu independentea lortzeko zehazten duen bidean sakondu beharra dagoela esanez.
Alderdiak baieztatu duenez, sindikatu biek subiranotasun prozesura iristeko markatu duten bideak berearekin bat egiten du: “Aldebakartasuna, ez biderik onena delako baizik eta une honetan Estatu espainiolarekin posible den bakarra delako, eta kutsu soziala, gizarte justizian oinarritutako Euskal Estatua nahi dugulako”.
ELA eta LABek Euskal Herriari egindako ekarpena eskertu du Eusko Alkartasunak, eta bi sindikatuen arteko akordioek subiranotasunerako bidean aurrerapauso kualitatiboak suposatu duten akordio zabalagoen mugimenduen abangoardia izan direla azpimarratu du. Horregatik, eta lan egiteko oinarri integratzaile eta zabala suposatzen duela kontutan izanda, atzo ELA eta LABek zehaztu zuten bidean lan egiteko prest dagoela esan du alderdiak.